Juaristi nagusitu zitzaion atzo Endikari, Buruz Buruko Txapelketa Nagusiko partiduan. Juaristik asko sufritu zuen garaipena lortzeko eta azken tantoetan lortu zuen markagailuari buelta ematea; izan ere, 26-28ra arte, atzetik joan zen. Azkenean, 30-28 zarauztarraren alde.
Oso neurketa polita izan zen, oso borrokatua eta gogorra. Ordu bat baino gehiago iraun zuen partiduak. Endikak zentratuago hasi zuen partidua; Juaristi, berriz, hotz sartu zen frontoira. Hori horrela, Saldiaseko aurrelariak aldea atera zion, bina berdintzetik aurrera. Zortzi tantoko aldea ateratzera ere iritsi zen: 10-18.
14-20tik aurrera,
partidu berria
Oso tanto ikusgarriak egin zituzten eta klabea, batez ere, 14-20an egon zen. Bien arteko lehia bizia izan zen eta leher eginda bukatu zuten. Tantoa, Juaristiren aldekoa izan zen, 15-20, eta zarauztarra berpiztu egin zen. Partidu berri bati ekin zion. Sake hobeak egiten hasi zen eta markagailuan aldea txikitzen: 19-22 eta 21-23.
Azken 10 tantoetan, Endikak gogor eutsi zuen amore eman gabe, garaipena gertu baitzuen. Hala, hiru tanto aurretik jarri zen berriz: 22-25. Baina Juaristi gerturatu egin zitzaion: 25-26. Behin 26-28ra iritsita, Juaristik hiru tanto egin zituen sakez. Azken tantoa partidu osoaren isla izan zen: peloteo askokoa eta gogorra. Ikusleek txalo artean agurtu zituzten bi pelotariak.
Juaristi, finalerdietatik gertu
Atzoko emaitzarekin, Juaristik ia ziur finalerdietako pasea lortuko du. Endikak berriz, aukera izateko, San Migueli irabazi beharko dio asteartean.