zaldi demak modan daudela esan liteke azken aldian. Auzo gutxi dira, festetako egitarauan, halako ikuskizunen bat sartzen ez dutenak. Portu zen horietako bat, eta aurten animatu dira, inguruko festetan izaten duten harrera ona ikusita. Deman ariko diren biak, Hernaniko Imanol Paolla eta Urnietako Azkonobieta, aski ezagunak dira mundu hau jarraitzen dutenentzat. Normalean elkarren kontra egiten dute dema. Imanol Paollak dioen moduan, «mundu hau gustatzen zaigu bioi, eta dematara elkarrekin joaten gara, hori bai, normalean elkarren kontra aritzen gara. Espektakulua ematea dugu helburu biok, eta horretara ateratzen gara». Akzioan ikusi nahi dituztenek aukera ederra izango du etzi, igandean, Portun.
Zaldi berriak,
plaza berrirako
Portuko festetan parrandan askotan ibiliak badira ere, demarako, plaza berria izango da Portu bientzat. Eta ez da nobedade bakarra izango. Imanol Paollak Kronikari adierazi dionez, eramango dituzten zaldiak ez dira betikoak izango: «zaldi gazteak eramango ditugu; gu nahiko zaharrak bagara dagoeneko, eta jendea honezkero nazkatua izango da zaldi zaharrak ikusteaz» dio, barre artean.
20 urte, zaldi demekin
Azken urteetako afizioa badirudi ere, Imanol Paollak urteak daramatza honetan: «batzuei bizikletan ibiltzea gustatzen zaie, eta neri, zaldiak orokorrean, eta demak, partikularrean. Disfrutatu egiten dut, eta orain dema gehiago ikusten badira ere, aspalditik nabil ni honetan, orain 20 urte ingurutik».
Udaberri eta uda partea izaten da dematarako garai aproposa, herri eta auzoetako festak hasten diren garai preziatu hori. Hasiera hartan, urtean 5 dema ingurutarako kontratatzen zuten Paolla, orain, lau aldiz gehiago: «festak iristear daudenean nabaritzen hasten da mugimendua. Udaberri eta udara aldera jasotzen dugu Jai Batzordeen deia, eta gu beti prest. Honetan hasi nintzenean, orain 20 urte inguru, urtean 5 dema inguru izaten genituen; azken urte hauetan 20 egitera iritsi izan gara. Egia esan, harrera ona dugu».
Neguan ere, jarraitzen dute demekin, baina ez ikuskizun gisa. Bizkaian, Promozioetan hartzen dute parte eta federatu egiten dira horretarako: «Ezin geldirik egon, eta Promozioetara joaten gara neguan, Bizkaia aldera. Kontrola eta maila haundia izaten da bertan, eta saiatzen gara dugun onena ematen».