SEi musikari sahararrek osatzen dute Banda Western Sahara taldea, 5 gizonezkok eta emakume batek. Sahara okupatuan eta errefuxiatu kanpamenduetan jaioak dira. Iazko azaroan sortu zuten taldea. «Sahara okupatuan jaio nintzen ni eta musika talde bat neukan han. Pareta pasa eta ihes egin nuen. Errefuxiatu kanpamenduetan bizitu naiz urtetan eta han beste musikari batzuekin elkartu nintzen. Gero beste batzuekin... Eta horrela sortu dugu Banda Western Sahara», azaldu dio Kronikari Yahya Sid Ahmed kideak. Orain, Hernanin bizi dira eta taldea ezagutzeko aukera izango da gaur, 19:00etatik aurrera, saharar festan.
Saharar musika tradizionala eta modernoa
Saharar musika tradizionala jotzen dute, baina baita saharar musika modernoa ere, rock, reggae, pop... erritmoekin. Instrumentu tradizionalak eta modernoak erabiltzen dituzte eta dantza ere uztartzen dute. Hori bai, letrak sahararrak dira. Musika, saharar herriaren egoeraren berri emateko eta salaketarako bidea dela uste dute: «Hitza, armak baino boteretsuagoa da orain eta musikaren bidez gehiago lortu dezakegula uste dugu. Saharar auziaren alde jarraituko dugu lanean, saharar abestiak abestuz», dio Sid Ahmedek. Eta Euskal Herriarekin bat eginez, euskal hitzekin nahasketak egitea ere aurreikusten dute. «Jendearengana iritsi nahi dugu».
Errepresioak jarraitu
Ramadanaren eraginez, Sahara okupatuan egoera baretu egin dela dio Sid Ahmedek, baina Marokoren errepresioak jarraitzen duela: «aktibisten aurkako erasoak, bahiketak...». Egoera horrekin bukatu beharra gogorarazi du eta salatu du, besteak beste, Espainiako Gobernuak ez duela ezer egiten.
Umeak udan etxean hartzea, garrantzitsua
Gaurko kontzertua, Hernanira uda pasatzera etorritako haur sahararrek antolatu dute, begirale, harrera guraso eta Udalaren laguntzarekin. Sid Ahmedek azpimarratu du oso garrantzitsua dela egitasmoarekin jarraitu eta umeak errefuxiatu kanpamenduetatik ateratzea udan eta ederra litzatekeela jende gehiago ere animatzea. «Eskerrak eman nahi dizkiet hernaniarrei; asko maite zaituztegu», gaineratu du. Festara eta kontzertura azaltzeko gonbitea ere luzatu du.
EGITARAUA:
17:00, Haima, tea, henna...
18:00, Txokolatada umeentzat.
19:00, Banda Western Sahara taldearen kontzertua.
*Guztia Tilosetan (eguraldi txarrarekin, Atsegindegin).