Txapeldunen arteko partiduarekin gozatzeko aukera izango da gaur Galarretan, 16:00etatik aurrera. Javier Urriza eta Koteto Ezkurra neurtuko dira Banakako Txapelketa Nagusiaren barruan. A taldeko ligaxkako partidua izango da eta biek finalerdietarako pasea dute helburu. Urriza torneoko egungo txapelduna da eta erraz nagusitu zitzaion Gorka Urtasuni, aurreneko partiduan. Ezkurrarentzat, berriz, txapelketako aurreneko partidua da. Partidu zaila dauka debuterako, baina Doneztebeko aurrelaria forma oso onean da. Gainera, galduko balu, oraindik ere aukera izango luke finalerdietara pasatzeko, baina Urtasunen aurka neurtu beharko luke eta partidua irabazi. Urrizak presio gutxiago du aurreneko partidua irabazita eta Ezkurraren aurka galduta ere, finalerdietarako pasea lortzeko aukera izango luke. Lehia interesgarria izango da beraz.
Berdinketa hausteko
partidua
Bi erremontista haundiak hirutan neurtu dira buruz buru, azken bi urteetan. Iaz, Gabonetako Masterrean izan ziren aurrez aurre eta Urriza nagusitu zen 30-28. 2011n, berriz, txapelketa honetan neurtu ziren eta orduan Ezkurra izan zen nagusi 30-29. Gaurko partidua berdinketa hausteko partidua izango da.
Barrenetxea asteartekoa errepikatzeko asmoz
Ohi bezala, lau partidu jokatuko dira denera gaur Galarretan eta Endika Barrenetxeak hirugarren partidua jokatuko du. Matxin IIIarekin, Urtasun eta Ionen aurka neurtuko ditu indarrak. Asteartean, Juanenea eta biak 28-40 nagusitu ziren Etxeberria IV eta Olazarren aurrean.
Gainerako partiduak: Otaegi-Zubiri/Ezkurra II-Labaka; eta Matxin VI-Agirrezabala-Juanenea-Olazar.