Santa Kruz apaizaren ibilbidearen atzetik
zenbiltzala, ‘txiripaz’ bilatutako pertsonaia da Martin Arbezu. Zuk
diozunez, hori izan da zuretzat astronomo batentzat eguzki sisteman
planeta berri bat bilatzea bezain garrantzitsua.
Askotan gauza bera
suertatzen da. Ez badituzu ahaleginak egiten ez da ezer sortzen. Ikerketak nahasterakoan
horrelakoak gertatzen dira. Hori ere, arazoa bihurtzen da. Informazio ugari
jasotzerakoan norberaren memoriak aukerak ematen ditu. Baina onerako eta
txarrerako. Zuhaitzak hazteko, aldez aurretik landatu behar dira zuhaixkak.
Martin Arbezurena lekuko.
Hitz egin dezagun pixka bat Martin
Arbezuri buruz. Zerk daramaki 17-18 urteko gazte bat aitaren negozioa utzi
eta Santa Kruz apaizak eskatuta Mexikora?
Egun horrelakoak
ikusi ditugu. Are gehiago orain dela 500 urte eta 200. Gaztetasuna adinaren kontua
izan daiteke, mundua ulertzeko era bat. Baita azkartasuna ere. Helduenok ba
ditugu beste motibazio batzuk. Seinaleak, aztarnak... bilatzen ditugu eta
ondoren erabakiak hartzen ditugu. Ez da, alta, gazte baten helburua. Zuhurrak
izan gaitezke gu. Buruarin dira gazteak. Egin behar eta egiten dute.
Urtebeteren buruan, Mexiko, Londres eta
Paris pasatzen ditu, eta hiruretan juxtu-juxtu libratzen da. Ez da edozein
Martin Arbezu hau ezta?
Behin baino
gehiagotan entzuten dugu, marxistek diotenez bereziki, zortea ez dela izaten.
Bizitzaren bideak irekitzen edo ixten direla norberaren poderioz. Erlijioaren
jarraitzaileak, neurri handi batean, deterministak dira. Nire aburuz,
zirrikituak daude, batean eta bestean. Eta zirrikitu horiek zorte kontuek
osatzen dituzte. Arbezuren kasuan, haren ibilbidean, zortea ere aipatu beharko
genuke. Txiripa baten ondorioz, ibilbideak norabide batera edo bestera har
dezake.
Karlista zena, Santa Kruzen laguna,
anarkista izatera pasatzen da. Bakuninen guardia pertsonal gisara azaltzen
da zenbait lekutan. Lotura ba omen dago karlista eta anarkisten artean…
Arbezu izan daiteke
garaiko adibideetako bat. Karlisten sustraiak nahiko aztertuak daude. Baina
gure historiografian oraindik falta dira karlisten ibilbidearen hausnarketak.
Isaac Puenteren ibilbide politikoa hor dago. Euskal Herriko anarkista
mugimenduaren teoriko handiena izan da Puente. Sortzez, karlista zen. Eta
gaztetasunak, hain zuzen ere, irauli egin zion haren burua eta bide batez,
haren ideologia. Marx ere hortaz aritu zen, karlisten mugimenduaz idatzi
zuenean. Nafarroako eta Arabako zenbait eskualdeetan, karlista ohiak izan ziren
anarkista mugimenduaren sortzaileak. Beste arloetan ere, karlistek sortu zuten
mugimendu abertzalea, Sabino Aranarena. Karlistak izan dira XIX. mendeko
euskaldun gehienak. Beraz, XX. mendeko euskal alderdi eta sindikatuen
abiapuntuetan karlistak egon beharko lukete.
Euskaldun izateak gauzak erraztu zizkiola
diozu (Londresen, eta gero Frantzian). Euskaldunek historikoki elkarri
lagundu izan diote munduan barrena zebiltzanean?
Bistan da. XVI.
mendetik aurrera Amerikako konkistaren itzalean, euskaldunek kofradiak sortzen
dituzte. Baita Espainian ere, Sevillan esaterako. XVII. mendean gatazka odoltsu
bat aurki daiteke Potosin, egungo Bolivian. Bertan euskaldunak eta espainolak
arerioak. Klase guztietako euskaldunak. Borrokaldiak gauez egiten zirelako, eta
bereizteko lagunak eta lagunak ez zirenak, oso aukera nabarmena eman zen,
hizkuntzarena, hain zuzen. Euskarak jartzen zuen muga. XIX. mendetik aurrera,
gerrak galdu zituzten karlistek, Amerikako zenbait hiri eta herrietan, euskal
elkarteak sortu zituzten, XX. mendeko euskal etxeei ateak zabaltzen.
Garai hartan munduan ziren punturik
beroenetan ibili zen Arbezu. Horrek asko ematen dio pertsonaiari ezta?
Baita nobelatua izateko ere…
Liburuaren hasieran aipatzen nuen bezala
aukeraketa egin behar izan nuen. Liburu formatua aukeran. Onerako eta
txarrerako, erabaki horrek bultzatu zituen liburuaren orriak. Zergatik
nobelatua? Irakurleen kopuru handiengana iristeko. Bestela, eta askotan
suertatzen den antzera, historia adituen arteko pasartea bezala uzten dugu. Eta
bizitzak, sentipenak etab. galtzen dira. Egilea eta protagonista nahasten dira.
Batek bestea kutsatzen duelako. Hori izan daiteke alde itsusiena.
Liburuan historia hontaz kanpoko azalpen
dezente ematen dituzu. Adibidez, asko kritikatzen duzu Frantziaren barne
eta kanpo politika: barne errepresioa (komuna garaian adibidez) eta kanpo
errepresioa (Nueva Caledonian kolonia zutenekoa). Frantziak aurpegi ezkutu
bat daukala uste al duzu?
Hori da nire estiloa.
Zerbait egiten dudan bakoitzean testuinguruari garrantzi handia ematen baitiot.
Jakin badakit, Euskal Herria ez dela munduaren zilborra, alde batetik. Eta
bestetik, zergatiak ulertzeko elementu gehiago gehitzen ditugu. Frantziak,
Espainiak egiten duen bezala, haren historiaren zati bortitzena ezkutatzen du.
Egun, gainera, goraipatzen dira euren inperioaren lorpenak. Ez, ordea,
horren azpian dauden alde ilunak. Bi adibide jarriko ditut. Napoleon Bonaparteren
garaiko gerren oroimenak ari dira ospatzen azken urteetan. Berrehun urte pasa
dira. Eta Frantzian horri buruz argitaratutako 10 liburutatik batek bakarrik
egiten du kontakizun zuzena. Gainontzekoek Frantziako ohorea zabaltzen
dute, la grandeur de la
France. Bigarrena hurbilago. Hitlerren alde egin zuen Frantziako
gizarte gehienak. Egun eta bistan da, makiak eta gerrileroak dira nagusi
kontakizunean. Bestea alfonbraren azpian sartu dute.
Zuk zeuk diozu liburu honetan gauza
batzuk erantsi egin behar izan dizkiozula historiari hari bat emate
aldera-edo. Horrek duda puntu bat jartzen dio irakurleari gertaera benetan
gogorrak eta zirraragarriak irakurtzen dituenean. Noraino da egia, eta
noraino asmatua?
Hori da, hain zuzen
ere, egilearen keinua irakurlearekiko. Mugak non daude? Askotan, bizitzak ez
digu aukera ematen mugak bereizteko. Are gehiago iraganaz aritzen garenean.
Horregatik aurkezpen garaian zalantzaz josita nengoela aipatu nuen. Nobela
historikoa eta historia nobelatua?
Nobelako punturik zirraragarrienetako bat
da, Alexis Berton eta Leon Gambetta tartean sartzen direnekoa. Gauza
jakina al da Santa Kruz eta Emile Valerorekin elkartu zela Arbezu horiei
buruz jarduteko?
Ikertzerakoan izan nituen zalantzak eta
historiadoreek sortu dituzten tesiak, liburuaren orrietan aurki daitezke. Nik
baietz uste nuen, liburua egiterakoan, baina nik ez dut egia osoa. Horregatik
eta zintzotasunez, nik nituen zalantzak, irakurleari helarazten nizkion.
Liburu hasieran ageri da baina guk
bukaerako utzi dugu. 1934an Martin Arbezuren bila zebilen Gipuzkoako
Gobernadore Militarra, hainbat akusaziogatik (Arbezuk 84 urte izango
zituen, bizi bazen). Santa Kruz apaizarekin lotura, arma kontrabandoa,
Parisko Komuna famatuko erreboluzioan ibilia, Internazional Langilearen eztabaidetan
parte hartutakoa. Hain zuzen, horrexegatik ez al daukagu Arbezuren
berririk bere herrian bertan? Ezkutatzeko nahi bat egon al da?
Ez dut uste
ezkutatzeko ahaleginak egon direnik. Garaiko artxiboetan horrelako bitxikeriak
aurki daitezke. Gogora ekarri beharko genuke garaiko agintari militarren
ideologia. Erabat bortitza. Eta giro horretan, historia ere euren ideologia
zabaltzeko erraminta bat izan zen. Karlisten kronikak alfonsinoek idatzi
zituzten, errepublikanoenak frankistek. Egun bezala. Kontakizun bakarra nahi
dute izan. Eta, zorionez, hori ez da horrela izan eta ez da horrela izango.
Uste al duzu Martin Arbezuk beharko
lukeela aipamen haundiagorik Hernanin?
Donostiarra naizenez,
ez naiz ausartzen hernaniarrek egin behar dutena agintzen.
Bukaeran honela diozu: Cien años después de la carta (1912)
concluí este trabajo, la primera parte de la vida de Martin Arbezu.
Zeure hitzak dira: Lehendabiziko
zatia diozu…
Ikerketari
dagokionez, ate batzuk ez nituen itxi. Hari ezberdinetatik tiratzeko egon ba
daudelako. Baina egia aitortuz ez dut astirik izan ikerketari jarraipena
emateko. Baina, nork daki! Gainera ikerketa batzuk, ordu asko dedikatu arren,
antzuak izan daitezke. Horrek ez du esan nahi Arbezurekin horrela izango denik.
Akaso, txiripaz edo zortez aurkitutako dokumentu batek abian jarriko nau.
Etorkizunak esango digu.