Beste urtebetez, tradizioari eutsiz, San Roke eguna ospatuko dute Astigarragako Santiomendi ermitan eta Aranon. Ostiralarekin egin du bat aurten abuztuaren 16ak eta asteburuaren atarian giro ederraz gozatzeko aukera izango da bi herrietan. Bi kasuetan, meza goizeko 11:00etan izango da.
Astigar taldeko dantzarien emanaldia
Santiomendi girotzeaz, Astigar dantza taldeko dantzariak arduratu izan dira urtetan eta oraingoan ere ez dute hutsik egingo. Mezaren ostean eskainiko dute dantza emanaldia. Ondoren, oilasko jatea izango da eta arratsaldean, Alaiki musika taldearekin gozatzeko aukera.
Herri desberdinetako
txistulariak bat eginda
Aranon txistuak protagonismo berezia izan ohi du San Roke egunean eta aurten ere hala izango da. Bertan elkartuko dira Arano, Hernani, Bartzelona, Iruñea, Lekeitio eta Aresoko txistulariak. Txistulari hauek jarraipena emango diote Zubillaga eta Antsorena anaiek hasitako ohiturari eta 40ko hamarkadan Aranoko txistulariek indartu zutenari, besteak beste.
Txistulariek Aranoko San Roke ermitarako bidea eta handik herrirako buelta girotuko dute. Izan ere, meza San Roke ermitan izango da.
Ondoren, bazkari herrikoia antolatu dute Kontsejupen. Eta festa eguna, Agur Jaunak kantatuz agurtuko dute.
Bazkarira joateko, txartelak
Santiomendiko bazkarira joan nahi dutenek txartela erosi behar dute aurretik. Dagoeneko salgai daude Astigarragako Ikatza tabernan. Aranon egingo den bazkarira joan nahi dutenek, berriz, izena eman behar dute Kontsejupen. Izena emateko azken eguna bihar da.
SAN ROKE EGUNA SANTIOMENDIN
11:00, Meza.
11:30, Astigar taldeko dantzariak.
14:00, Labeleko oilasko jatea. Txartelak dagoeneko salgai Astigarragako Ikatza tabernan.
17:30, Alaiki musika taldea.
SAN ROKE EGUNA ARANON
10:15, txistulariak herriko plazan.
10:30, Aranoko San Martin parrokiko kanpai-jotzea, Antonio Ezeizaren eskutik.
10:40, San Roke ermitara irteera, txistulariekin.
11:00, Meza San Roke ermitan, Aranoko Esteban Irurzun apaizak zuzenduta.
13:30, Kalejira herrian barrena, txistulariekin.
14:30, Herri bazkaria Kontsejupen. Apuntatzeko Kontsejupen eman behar da izena. Azken eguna, bihar.
19:00, Festa bukaera, ‘Agur jaunak’ kantatuta.