Emozionatuta esan zion agur Lizasok erremonteari, larunbatean

Kronika - Erredakzioa 2013ko abu. 12a, 02:00

Iñaki Lizaso erremontista historikoak agur esan zion erremonteari larunbatean. Galarretan jokatu zuen, profesional gisa, azkeneko partidua. Arratsalde emozionantea izan zen Lizasorentzat, berak iragarri bezala. Urriza izan zuen bikote azkeneko partiduan, eta aurrean, Ezkurra eta Etxe­berria IIIa. Ezin izan zuen garaipenarekin esan agur, 35-40 galdu baitzuten; baina larunbatekoan, emaitza izan zen gutxienekoa. Urduri jokatu zituen partiduko aurreneko tantuak, sentitzen zuena ez baitzuen aurretik inoiz sentitu; hala ere, espektatiba guztiekin bete zuen.

Partidua, Lizasori egindako omenaldien parte
Partidua agurraren zati bat besterik ez zen izan, omenaldiaren parte. Giro bikaina nabari zen Galarretan; jendeak gogoz txalotzen zuen Lizaso, eta ordura arte erremontista-kide izan zituenak arkua egin zioten, pelotalekura sartzean. Partidua bukatuta bere ibilbidea gogoratuko dioten oroigarriak oparitu zizkioten; erremontistek, euren firma guztiak biltzen zituen kamiseta enmarkatua eta erloju bat; Oriamendi enpresak erremontista baten figura; eta Doneztebeko alkateak plaka bat eman zion. Urte askotako ibilbideari esan zion agur Lizasok larunbatean, baina etorkizunean ere erremonteari lotuta jarraituko du, seguru.

Jaialdiko emaitzak
Lizasoren partiduaz gain, larunbatean jokatutako jaialdian beste hiru jokatu ziren. Emaitzak, hauek: Ezkurra II-Larrañaga 35/Segurola-La­ba­ka 34; Juananea San Mi­guel 36 /Juaristi-Ion 40; eta Endika-Saldias 26/Matxin III-Zubiri 30.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!