CD Hernanik eta Udalak hitzarmena sinatu dute Zubipe eta Sagastialdeko pistak erabiltzeko

Kronika - Erredakzioa 2013ko abu. 12a, 02:00

Zubipeko futbol zelaia eta instalazioak CD Hernanik erabiliko ditu 2015 arte, eta baita Sagastialdeko atletismo pista eta instalazioak ere; baina kasu honetan 2019 arte. Ordainez, CD Hernanik zaindu egin beharko ditu euskeraren arloa, berdintasuna, eta energia kontsumoa, besteak beste. Hernaniko Udalak eta CD Hernanik akordioa sinatu zuten joan den uztailaren hasieran, aurreko hitzarmenaren muga bukatzen ari zelako. Funtsean, aurreko urteetako hitzarmena berritu dute bi aldeek, baina lehen esan bezala, badira aldaketa batzuk. Hitzarmena sinatuta, gustora ziren bi aldeak. Beñat Amenabar Hernaniko kirol zinegotziak zorionak eman zizkien hitzarmen honetan parte hartu duten alde guztiei: kirola, euskera, berdintasuna eta kontratazio sailari. Amenabarrek adierazi zuen CD Hernani eta Udalaren arteko harremanak txukunak direla. Horixe baieztatu zuen Ricardo Ramos CD Hernaniko lehendakariak ere, eta hitzarmenarekin konforme daudela esan zuen. Horrez gain, taldea haunditzen ari dela ere esan zuen, eta bestuario berrien premia dutela adierazi.

«Bangoardian jarri gara hitzarmen honekin»
Beñat Amenabar kirol zinegotzia oso gustora zegoen hitzarmen ekitaldian, «bangoardian jarri gara hitzarmen honekin, arlo asko kontuan hartzen dituelako sinatu dugunak: euskera zaintzeko konpromisoa lehendik ere bazegoen, eta mantendu egin dugu. Orain berdintasuna zaintzeko konpromisoa ere biltzen du akordio honek, eta beste berrikuntza bat ere bada: energia kontsumoari jarraipena egingo zaio: gasa, argindarra, efizientzia...». Amenabarrek indar berezia eman izan zion berdintasunaren arloan hartu den konpromisoari. «Berdintasun politikak hartzen hasi beharra dago. Berdintasuna kontuan hartuko dela idatzi egin dugu, eta horrek garrantzia berezia du, lehenengo aldiz idatzita azaltzen baita hori. Jarraipena egingo zaio gai horri eta besteei, eta horretarako izendatu dugu Ja­rraipen Batzorde bat, urtean hiru bilera egingo dituena».

Jarraipen Batzordea urtean hiru aldiz elkartuko da
Konpromisoak hartu eta bete daitezen, bai alde batetik eta bai bestetik, jarraipena egitea ezinbestekoa izaten da. Horretarako, Jarraipen Batzordea zein izango den erabaki da, eta kide horiek urtean hiru aldiz elkartuko dira. «Kontsumoen inguruko jarraipena egingo da, berdintasun konpromisoei buruzkoa ere bai, eta baita euskerari buruzkoa ere».

«Hazten ari gara, eta gero eta emakumezko talde gehiago ditugu»
Ricardo Ramosek gogoan dauka 3 talde zituzteneko garaia. «Nik ezagutu nuen CD Hernani hiru talderekin. Gaur egun 17 ditu, eta hazten ari gara. Batez ere, emakumezkoen futbolak egin du gora. Gero eta emakumezko talde gehiago ditugu». Talde haunditzen ari da, baina beharrak ere bai. Ricardo Ramosek hitzarmeneko unea aprobetxatu zuen talearen beharrak adierazteko. «17 talde ditugu, eta de­nak bestuarioetan moldatzeko aldaketak egin behar dira. Bestuario berri bat egiteko modua badagoela uste dugu. Txosten bat enkargatua dugu, eta horrek esango du egin litekeen edo ez, baina hori benetan premiazkoa genuke. Gainerantzean, zer esango dugu, egoera ekonomikoa zaila da, baina aurrera tira beharra dago».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!