Elkano eta Aristizabal kaleak asfaltatuko ditu Udalak abuztuaren 19tik aurrera, eguraldiak laguntzen badu. Kaleak fresatu, asfaltatu eta margotu behar dituzte, eta lan horiek egiteko, trafikorik gabeko kale bihurtu behar dituztela jakinarazi dute Kronikara bidalitako prentsa oharrean. Abuztuaren 19an hasiko dituzte asfaltatze lanak eta 23an bukatuko dira.
Asfaltatze lanak behetik gora egingo dituztela jakinarazi du Udalak prentsa oharrean: «Latsunbe eta Elkano bidegurutzetik abiatuko dira lanak gorantz, Urbieta kalerantz. Urbieta kalean Aristizabal kalerako tartea asfaltatuko da (anbulatoriorantz dijoan zatia); eta handik, behetik gorantz, Aristizabal kale osoa asfaltatuko da, Iturregi eta Txantxillako bidegurutzeraino».
Trafikoan, aldaketak
Asfaltatze lanak direla eta, egun horietan trafikoa beste kale batzuetara desbideratuko duela jakinarazi du Udalak. Aldaketa nagusiak, prentsa oharrean zehazten ditu:
«Latsunbe-Elkano kruzetik, Latsunbe-Latsunbe Berriko bidegurutzerako bidea bi norabidekoa izatera pasako da; gaur egun autobusek eta taxiek bakarrik dute aukera hori.
Latsunbe-Elkano bidegurutzean, Karmelo Labakatik eta Latsunbetik datorren trafiko guztia Zinkoeneara bideratuko dute. Herrigunera sartzeko Txirrita kalea erabiliko da, lanak irauten duten bitartean, bi zentzukoa izango baita.
Txirrita kale osoak eta Elkanok (Urumeatik Atsegindegira) norabide bikoitza izango dute.
Txirrita kale osoan eta Elkanon (Urumeatik Atsegindegira) ezingo da aparkatu.
Urbieta kalea itxita egongo da Elkanoko kruzetik Aristizbaleko kruzera (autobusen geltokiak dauden zatia). Anbulatoriotik Marielutseko bideak norabide bikoitzekoa izaten jarraituko du.
Anbulatorioaren atzealdean geratzen den Karobieta kalea isolatua geratuko da. Bertako bizilagunek ez dute etxera ibilgailuz sartzerik izango.
Elkano (Latsunbe eta Atsegindegi artean) eta Aristizabal kaletik sarrera duten garajeak ezingo dira erabili. Atsegindegikoak erabili ahal izango dira, beti ere, lanen ondorioz sor daitezkeen aldaketei arreta jarriz.
Izpizua kalean, Urumea ikastolako kruzean, bi aukera izango dituzte ibilgailuek: batetik, gaur egun bezala, Elkanon behera egin (eskubirantz hartu); eta bestetik, gora egin, hau da, ezkerrerantz, udaletxerantz. Debekatua egongo da Txantxilla alderantz hartzea.
Larramendi kaleak gaur egungo bi norabideak mantenduko ditu. Larramendi eta Elkanok bat egiten duten kruzean ordea, Larramenditik datozenek ezingo dute ikastolarantz (ezkerrerantz) hartu».
Nori eragingo die?
Asfaltatze lanen eraginez egindako aldaketek nori eragingo dien ere zehazten du Udalak prentsa oharrean:
«Herrigunean dabilen trafikoan izango du eragina.
Herritarrak kontuan izanda, Elkano, Txirrita, Aristizabal kaleetako eta Karobieta auzoko bizilagunei eragingo die. Garraio publikoko erabiltzaile eta langileei eta Osasun zentroko langile eta erabiltzaileei ere bai.
Elkanotik (Latsunbe eta Atsegindegi artean), Atsegindegitik eta Aristizabaletik sarrera duten garajeetako jabeei.
Elkano, Txirrita eta Aristizabal kaleetako merkatari, langile eta bezeroei.
Autobus publiko guztiei».
Autobus geltokietan ere, aldaketak
Autobus geltokietan ere aldaketa izango dela jakinarazi du Udalak:
«Garayar autobusetan, Urbieta kaleko geltokiak Elkanora pasako dira, Biteri kultur etxe parera.
Areizaga autobusek Txirrita kaleko geltokia Zinkoeneara pasako dute, Astigarragarantz dijoan markesinara.
Hiribarruko autobusak eta Goizuetara dijoanak geltokia mantenduko dute, baina ezingo dute aparkatuta egon.
TSST autobusa, Hernani-Usurbil bidea egiten duenak, Zinkoenean duen geltokia mantenduko du.
Hondakin bilketa, normal
Egun horietan atez ateko zerbitzua normaltasun osoz burutuko dela jakinarazi du Udalak.