Doneztebeko atzelari historikoak, Iñaki Lizasok, utzi egingo du erremontea. Gaur jokatuko du azkeneko partidua, Galarretan, eta agurrean, urte guzti hauetan bidelagun izan dituen erremontistak egon dira. Berezia izatea nahi zuen Oriamendi 2010 enpresak, eta jaialdi ikusgarria antolatu dute. Urriza izango du lagun Lizasok gaur eta aurrean, Ezkurra eta Etxeberria III. 21 urte eta gero agur esango dio erremontista gisa hasitako ibilbide profesionalari.
Txapelketa eta torneo
inportanteak irabazitakoa
2000 urtean irabazi zuen Banakako Txapelketa haundia; edozein erremontista profesionalen ametsa. Ezkurrak izan duen aurkari gogorrenetakoa izan da Lizaso, beste lau okasioetan ere iritsi baitzen finalera. Binakako txapelketa ere, irabazitakoa da Doneztebeko atzelaria; eta profesional mailan egin dituen urte guztietan onena izandakoa da Lizaso torneo askotan.
«Eskerrik asko bidelagun izan ditudan guztiei»
Azkeneko partiduaren eta agurraren aurkezpenean eskerrak eman zituen Lizasok, hitza hartu bezain azkar: «eskerrak eman nahi dizkiet nire bizitzako etapa honetan bidelagun izan ditudan guztiei, asko ikasi dut zuei esker. Erabakia ondo pentsatuta hartu dut baina badakit emozionatu egingo naizela. Kirolari gisa errepasua eginez gero, eman dudan guztiarekin geratzen naiz. Ez naiz txapela asko irabazi dituen horietakoa izan, baina dudan guztia eman dut beti, eta horrekin geratzen naiz. Ezkurrari irabazteko bide berriak bilatu behar izan nituen, eboluzionatu egin nuen eta esfortzu hori txapela bat irabaztea baino gehiago baloratzen dut».
Hiru partidu gehiago,
jaialdia borobiltzeko
Jaialdi berezia izatea nahi zuten eta hala izango da, jokatuko diren beste hiru partiduak kontuan izanda. 16:00etan hasita, hauek: Ezkurra II-Larrañaga/Segurola-Labaka; Juanenea-San Miguel/ Juaristi-Ion; eta Endika-Saldias/Matxin III-Zubiri.
Barrenetxea eta Urrizak erraz irabazi, ostegunean
Bikotekako txapeldunek, Barrenetxeak eta Urrizak sasoi bete betean jarraitzen dutela erakutsi zuten ostegunean. Etxeberria IV eta San Miguelen kontra jokatu zuten, eta erraz nagusitu ziren, 40-21 irabazita. 2013an elkarren kontra jokatzen zuten hirugarren partidua izan zen ostegunekoa, eta hiruetan, Barrenetxea eta Urriza izan dira nagusi. Osteguneko partiduan onenak izan ziren hasieratik: Urriza jaun eta jabe izan zen eta Barrenetxeak min haundia egin zuen sakearekin.