itsasoa, igerilekuak, pizzak, hanburgesak, arraina eta bereziki Igeldoko atrakzio parkea gustatzen zaie Mohamed Salem, Fatma, Zeinahu, Mahfuda eta Fatimeturi. Saharako errefuxiatu kanpamenduetatik Hernanira etorritako gaztetxoak dira bostak. Ekainaren 25ean iritsi ziren Hernanira eta abuztuaren 26ra arte egongo dira. Astelehenetik ostiralera Maialen Torres begiralearekin egoten dira, goizez, eta Kronika beraiekin elkartu zen atzo, uda nola daramaten jakiteko gogoz.
Bi hilabete, errefuxiatu
kanpamenduetatik urruti
Hamar eta hamabi urte bitartean dituzte bostek eta ez da aurreneko aldia Hernanira etortzen direla. Oporrak Bakean programarekin etortzen dira, eta helburua da umeak bi hilabete errefuxiatu kanpamenduetatik kanpo pasatzea. Tenperatura altuak izaten dituzte han, udaran, eta elikadura ere, ez da egokiena. Hernanira iritsi eta mediku azterketak egiten dizkiete, oinarrizko arazoak konpotzeko; horien artean, elikadura faltak sortutako arazoak.
Denetatik jateko
gomendioa
Errefuxiatu kanpamenduetan ez dituzten jakiak dituzte bereziki gogoko bost neska-mutilek: hanburgesak, pizzak, arraina, goxokiak, helatuak... Bere neurrian, baino denetatik jateko gomendioa ematen die urtero medikuak; bai hain gogoko dituzten horiek, eta baita arraina, fruta, barazkiak eta bestelako jaki osasungarriak ere.
Maialen Torres begiralearen esanetan, umeek etortzen diren urte guztietan irabazten dute pisua, 2-3 kilo urtean. Normalean, pisu hori mantendu egiten dutela dio begiraleak, nahiz eta azken urteetan ez den hala izan: «Hemen irabazten zituzten 2-3 kilo horiek ez zituzten galtzen errefuxiatu kanpamenduetara itzultzen zirenean. Azken urteetan ordea, hori ere aldatzen ari da. Hemen dagoen krisiak eragina du han. Hondarrez inguratuta daude, eta beraiek ezin dute ezer ekoiztu. Jaten dutenaren zati haundi bat hemendik bidaltzen zaiena da. Eta hemengo krisia dela eta, geroz eta gutxiago bidaltzen da; eta ondorioz, jateko gutxiago dute, kate bat da, denak du eragina».
Ekintzak, egunero
Elikatzeaz aparte, disfrutatzera ere etortzen dira Hernanira. Hemen dauden bi hilabeteetan Maialen Torres begiralea izaten da beraien erreferentzietako bat. Goizero elkartzen dira, Maialenek aurretik planeatutako ekintzarekin gozatzeko. Atsegindegin zeuden atzo, margotzen, Kronikarekin bildu zirenean. Baina eguraldiak laguntzen badu, uretako ekintzak dituzte gogoko: «gauza bat aukeratu beharko balute, ziurrenik ura izango litzateke. Izan itsasoa, izan igerilekua, izugarri disfrutatzen dute urarekin».
Harrera familiekin daudenean berriz, telebista ikustea, bizikletan ibiltzea, herriko kaleetatik paseatzea... guztiarekin disfrutatzen dute. Baina badira, hain gogoko ez dituzten gauzak ere: «trafikoa eta kalean dagoen soinua ez zaie gustatzen... arriskuak ezta ere... Oso estresatuta bizi garela ere nabaritzen dute, urduri jartzen dira hemengo bizi-erritmoarekin, han dena askoz lasaiagoa baita», dio Maialen Torresek.
Aurreneko eta azkeneko urteak, zailenak
«Esperientzia ahaztezina da Saharako haurrak etxean hartzearena. Dena ematen dute, eta zuk asko ikasten duzu, pasada bat da», dio begiraleak, esperientzia propio gisa, eta harrera familiek sentitzen dutena deskribatuz. Zailenak aurreneko eta azkeneko urteak direla dio: «etortzen direnean dena da berria, eskailerak, zebrabideak, igogailua, iturriko ura... hizkuntza ere ez dute dominatzen... gogorra izaten da aurreneko urte hori. Eta azkenekoa ere bai; beraiek badakite azken urtea dela, eta sufritu egiten dute, eta harrera familiek zer esanik ez. Despedida gogorra izaten da».
Esker hitzak
Kronikarekin elkartu direla aprobetxatu eta eskerrak eman nahi dituzte bost gaztetxoek: «harrera familiei lehendabizi, gure familia direlako. Euskal Herriko beste familia. Udalari laguntzen digun guztiagatik, eta Hernaniri egiten digun harreragatik. Eskerrik asko guztioi». Maialen Torres begiraleak berriz, desio batekin bukatu nahi du: «Soluzio bat egotea desiatzen dugu, eta kanpamenduetan dauden guztiak beraien herrira itzultzea; hona gehiago etorri beharrik ez izatea».