Etxebizitzak material berrerabiliekin egiten ikasi nahi duenak aukera ederra du irailean. Autoeraikuntza ikastaroa antolatu dute Astigarragan; buztina, lastoa eta neumatikoak erabilita, etxebizitza duin eta merkeak nola egin erakutsiko dute bi ikastarotan. Romi Etxea izena du proiektuak eta laguntzaileak dira Hernaniko eta Astigarragako Udalak, EKIAN bioeraikuntzako profesionalak eta Romi Bidean proiektuko kideak. Interesa duen edonork hartu dezake parte ikastaroetan, baina bereziki Astigarragako Romi komunitatean bizi diren bizilagunei laguntzea da ikastaroaren helburua.
Areto soziala eta komun
ekologiko lehorrak
Errumaniatik bizitza hobearen bila etorritako bizilagunak dira Romiak. Loiolan, Martutenen eta Hernanin izan ziren lehendabizi, eta handik kanporatuta, Astigarragan eraiki zuten kanpamendu berria. Astigarragako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak bost urteko proiektua prestatu dute, Diputazioarekin eta Romi Bidean elkartearekin batera; eta Romiek hainbat baldintza bete beharko dituzte orain dauden egoera prekariotik atera nahi badute.
Proiektu hau hobekuntza horiek lortzeko pausoetako bat da. Asmoa da autoeraikuntza bidez, bizileku duinak nola egin erakustea. Gainera, komunitatearentzako areto sozial bat eta komun ekologiko lehorrak izango dituen eraikinak altxako dituzte.
Egun, ehundik gora lagun bizi dira Astigarragako Romi komunitatean, Urumea ondoan. Bi gunetan daude banatuta: Balta txurian 57 eta Balta berdean 44; txatarratik eta esketik bizi dira, gehienak.
Materiala, herrian bertan lortu daitezkeen lehengaiak
Edozein herritan lortu daitezkeen lehengaiekin eraikiko dituzte etxebizitzak. Material berriztagarri eta berrerabiliak izango dira, hala nola, lastoa, lurra, egurra edo neumatikoak.
Ikastaroak irailean izango dira: aurrenekoa, irailaren 10etik 14ra; eta bigarrena, irailaren 17tik 21era.
Aurreneko ikastaroa,
teknikoagoa
Eraikinak egiteko teknikak erakutsiko dituzte aurreneko ikastaroan, Rikki Nitzkin eta Marco Aresta irakasleek. Ikastaroan zehar klase teoriko eta praktikoak emango dituzte. Nitzkin aditua da lasto fardoekin etxeak eraikitzen. Lastoekin egindako obrak zuzentzen ditu; esperientzia haundiko emakumea da. Marco Aresta arkitektoa da. Besteak beste, diseinu bioklimatikoan du formakuntza eta bioeraikuntza eta eraikuntza naturalaren inguruan ikertu egiten du, irakaslea da eta aholkuak ematen ditu.
Prezioei dagokienean, lau aukera daude: ikastaroa soilik 300 euro; ikastaroa +5 eguneko bazkaria 350 euro; ikastaroa +5 eguneko gosari, bazkari eta afaria 400 euro; eta ikastaroa +5 eguneko pentsio osoa 425 euro.
Praktika nagusi,
bigarren ikastaroan
Bigarren ikastaro hau bereziki praktikoa izango da. Lehenengo ikastaroan ikasi eta egindakoari segida emango diote, eraikinak ahalik eta bukatuen uzteko. Ez da saio teorikorik izango; egunean eguneko lanak azalduko dituzte; esplikazio laburrak, alegia. Marco Aresta izango da bigarren ikastaro honen gidaria.
Prezioari dagokionean, bigarren ikastaro honetan ere, aukera ezberdinak daude: aurreko ikastaroa egin duenak 100 euro; ikastaro osoa 200 euro; ikastaroa +5 eguneko bazkaria 250 euro; ikastaroa +5 eguneko gosari, bazkari eta afaria, 300 euro; eta ikastaroa +5 eguneko pentsio osoa 325 euro.
Izen ematea zabalik
Ikastaroan parte hartzeko izena eman behar da aurretik. Formularioa www.astigarraga.net helbidetik jaitsi, bete eta romi.etxea@gmail.com helbidera bidali behar da.