Urnieta eta Irungo ITVek greban jarraitzen dute. Ekainaren 15ean hasi zuten greba eta 50 egun eta gero, bizi duten egoeraren berri emateko prentsa oharra idatzi dute Hernaniko Kronikara.
Akordiorik ezean, irailaren 15a arte greban
Eskatzen dute, Gipuzkoako ITV enpresetako langileen baldintzak erregulatuko dituen hitzarmena berritzeko, diotenez, 2011ko abenduaren 31ean bukatu zena. Azaldu dutenez, zuzendaritzak ez du pausurik eman greban daudenetik, eta egoerak bere horretan jarraitzen badu, deialdia irailaren 15a arte luzatuko dute.
Urnieta eta Irungo ITVek greba hasi zutenetik zerbitzuak asko egin du okerrera. Oharrean diotenez, Urnietako ITVan ez dute zerbitzurik ematen, eta Irungoan hilabete barrurako zitak ari dira ematen. Baita ere diote, ondorioz, gipuzkoarrek Nafarroa iparraldera jotzen dutela, ibilgailuari ITVa pasatzeko, eta hango enpresak ere, kolapsatzen ari direla: «2 eta 6 ordu bitartean itxaron behar izaten dute Nafarroara ITVa pasatzera joaten direnek, kolapsoa dela eta».
«Pausuak emateko garaia da»
Urnieta eta Irungo ITVak greban egoteak sortu dituzten arazoak medio, langileek uste dute pausuak ematen hasteko garaia dela: «egoera larria dela uste dugu. Kontuan izan behar da ITV zerbitzua publikoa eta derrigorrezkoa dela. Hori horrela, enpresako zuzendari erregionalari eskatzen diogu erantzukizunarekin jokatu eta negoziazio mahaira joateko, beti ere arazoari konponbide bat emateko asmoarekin».
«Ez dira gurekin kontaktuan jarri ere egin»
Langileek azaldu dutenez, zuzendaritzako kideak ez dira kontaktuan jarri greba hasi zutenetik: «behin ere ez dira jarri gurekin harremanetan. Lerro hauen bitartez eskatu nahi diegu demagogia alde batera uzteko, esaten ari baitira, Urnieta eta Irungo langileok baldintza onak ditugula, Euskadiko eta Espainiako soldata eta ordutegi onenak ditugula. Baita ere diote, langileen ordezkariei pakto berri bat negoziatzea proposatu dietela, soldata igotzea eta urteko lanegunak eta lana mantentzea. Badakite guk eskatzen dugun gauza bakarra hitzarmena berritzea dela».
Bukatzeko, langileek jakinarazi nahi dute grebarekin bukatzeko borondatea badutela, beti ere, hitzarmena berrituko dutenaren segurantza izanda.
Bide batez, lerro hauen bitartez barkamena eskatu nahi diete, modu batera edo bestera, grebagatik kaltetuak izan direnei guztiei.