Sagastiyako Babes Ofizialeko etxebizitzen proiektua iritsi da azken fasera. 297 etxebizitza berri izango dira Sagastiya auzoan, 2015erako. Horietatik 189 egin dituzte, Antziola ondoan, eta behin banatuta, jabeak jarri dira bizitzen.
Orain proiektuaren bigarren zatia egiten hastekoak dira. Eraikiko dituzten etxebizitza berriak auzoaren beste aldean altxako dituzte, Etxeberri auzoarekin mugan; 108 etxebizitza guztira. Horietako 20 zozketatu dituzte dagoeneko, eta promozioa bukatzeko falta diren 88 etxebizitzak zozketatuko dituzte berehala. Hernaniko Kronikak jakin duenez, 2013 urtea bukatu aurretik egingo da 88 etxebizitza horien zozketa. Parte hartzeko izen ematea zabalik egon zen uztailaren 8tik 22ra.
108 etxebizitza, lau eraikinetan banatuta
Etxebizitzak eraikitzen hasteko lan guztiak eginak daude eta Kronikak jakin duenez, epe motzean hasiko dira eraikinak altxatzen. Beranduenez, 2015eko apirilerako egongo dira bukatuta. Egingo diren etxebizitza guztiak, zozketatuta dauden 20ak eta zozketatzeko dauden 88ak, 4 eraikinetan banatuko dituzte.
Etxebizitzen eraikinetako bi, bi alturakoak izango dira, lau pisukoak alde batetik, eta zortzi pisukoak bestetik. Beste biak lau pisukoak izango dira.
Zozketatuko dituzten 88tik 4 izango dira egokituak
Sagastiyan egingo dituzten 88 etxebizitzetatik 84 bi eta hiru logelakoak izango dira, eta bi komun izango dituzte. Metro karratuei dagokienean, etxebizitzak 75,74 eta 90 metro karratu bitartekoak izango dira. Gainontzeko 4 etxebizitzak ezinduentzako egokituak izango dira. Hauek bi logelako etxebizitzak izango dira, komun bakarrarekin. Eta neurria 79,47 metro karratukoa izango da.
Trastelekua eta garajea
Etxebizitza guztiek izango dute garajeko marra eta trastelekua. 108 egingo dituzte guztira, bat etxe bakoitzeko. Eta garajea eta trastelekua batera egongo dira, bata bestearen ondoan.
Prezioak, zehaztuta
Etxebizitzen prezioa, garajea eta trastelekua barne, neuriaren araberakoa izango da. Txikienek, hau da, bi logelakoek, 111.691,20 euro inguruan balioko dute; eta hiru logelakoek 163.698,16 euro inguru. yy