Guztiek egiteko moduko buelta, Urruzuno bailaran

Kronika - Erredakzioa 2013ko abu. 5a, 02:00

Urruzunoko buelta, Kro­nikak proposatutako bos­ga-rren ibilbidea da, Her­naniko Ibilbide Sarearen barruan (orain artekoak PDF formatuan www.kronika.net-en eta guztiak www.hernani.net-en). Ibilbide urdinen artean sailkatutako buelta da, beraz, guztiek egiteko modukoa.
Urruzuno bailara, urteetan zehar basogintzan lan egin zuten hainbat hernaniarren lantoki izan zen, baina egun Hernaniko bailara ezezagunetarikoa da. Baserririk eta beste inolako eraikuntzarik gabea. Bailara hau osatzen duten ur-sareko erreka eta erreka-ertzak biziki garbiak eta kalitate onekoak dira. Egun, konifera landaketak nagusi diren arren, pagoz eta haritzez betetako bailaratxo eta basoak ikusteko aukera ere ematen du. Puntu interesgarri ugari ere badira.

Ezteizarko pagadi-hariztia
Tamainaz haundia ez den arren, aberastasun haundiko pagadia da Ezteizarkoa. Pa­go mugarratuz osatua dago eta flora likeniko aldetik izugarrizko aberastasuna du. Zuhaitzen heldutasunak eta mugarratu izaerak ere balio haundia ematen dio kultura eta biodibertsitate aldetik.

Jibraltarko mugarria
XVIIgarren mendean Uru­mea bailarako mendien jabe­tza ar­gi­­tzeko Hernani, Ur­nie­ta eta Do­nostiako Udalek Zilegi-men­dien mugak ados­tu zituzten. Jibraltarko mugarria Do­nos­tia eta Her­naniko Zilegi-mendien arteko banaketa puntua da.

Mozpelanzokoko hariztia
Purgatorio errekaren iturburuan, baso ederra osatzen du­te haritz eta pago mugarratuek, baita errekastoen hezetasunaren ondorioz haz­ten diren haltzadiek ere.

Purgatorioko bailara
Purgatorioko errekaren arroa Hernaniko bailara aberatsenetakoa da, uraren kalitatearen eta basoen dibertsitatearen aldetik, besteak beste.

Ibilbidearen nondik-norakoak

Ibilbideak 8,6 km ditu, 3 ordu eta 10 minututan egiten da, eta 450 metroko desnibela du. Ibilbide hau marka txuri-urdinekin seinalizatuta dago.

Nondik hasi?
Ibilbidearen hasiera Ugaldetxo taberna-jatetxean dago, Herna­ni eta Goizueta herriak lotzen dituen GI-3410 errepidearen 8,7 kilometroan. Urumea ertzeko aisialdigunea eta bertan dagoen frontoia dela eta, uda inguruan jende asko biltzen da bertan. Dena dela, inguruan ez dugu aparkatzeko zailtasunik izango.

0.- 0km - 0h 0m - Ugaldetxo: Goizuetako norabidean, 50 me­tro­ra, frontoi txiki bat dago eta honen atzean baserri bat. Ibi­lb­i­dea baserri honen parean hasten da, errepidearen beste aldean. Aldapa gora doan pista bat ikusiko dugu, baina ez dugu hori har­tu behar. Hartuko duguna erre­pidearen albotik paralelo doan eta emeki gora egiten duen bide ez oso markatua da. Errepidea ezkerrera utziz, 5 minutura baso txiki batean sartuko gara. Baso barruan, sigi-saga motz baten ostean, gora egingo dugu pista batekin topo egin arte.
1.- 0,2km - 0h 10m - Desbi­de­ratzea: Metro gutxi batzuk egin ostean, bideak ezkerrera egiten duen gunean, pista berri bat ateratzen da. Guk dauden bi pista garbiak utzi eta erdian hasten den bidezidor estu eta ez oso argi bate­tik gora egingo dugu. Denbo­ra gutxian, pista berera iritsiko gara eta ataka bat duen bidegurutze batera. Gurutzatu eta ezkerrera joko dugu. Beste ataka bat zeharkatu ostean, borda batera iritsiko gara. Bertan, eskuinera aldapa gora joko dugu, fruta arbola ba­tzuen ondotik. Gorago pista batekin egingo dugu topo eta hemen ezkerrera joaz, beste ataka bat pasa ostean, errepide asfaltatu batera iritsiko gara.
2.- 0,5km - 0h 20m - Asfal­toz­ko bidea: Aldapa gora hartuko dugu, topatuko dugun bigarren baserrian, asfaltozko bidea bukatzen den arte.
3.- 1,4km - 0h 38m - Igerola-goikoa: Beserria igaro ondoren, informazio panel bat topatuko dugu. Bertan ikusiko ditugun bi pistek marra zuri-urdinak izan arren, ezkerraldera gorantz doana hartuko dugu. 100 bat metrora hurrengo bidegurutzera iritsiko gara.
4.- 1,4km - 0h 40m - Bide­gu­rutzea: Ezkerreko bidea hartuko dugu `trampa canadiense´ batekin topo egin arte.
5.- 2,3km - 0h 55m - Bidegu­rutzea: Segituan bi bidegurutze aurkituko ditugu. Jaisten ez den bidea hartuko dugu, erdikoa. Pista hori jarraituko dugu aurkituko ditugun bidegurutzeetan beti aldapa gora eginaz.
6.- 3,2km - 1h 15m - Etziora­ko bidegurutzea: Ezkerretara Etziora doan bidea utzita, eskubiko bidea hartuko dugu. Denbora gutxian ibilbidearen punturik garaienera iritsiko gara, Ezteizar­ko pagadira.
7.- 3,5km - 1h 20m - Eztei­zar­ko lepoa: Pistaren ondoan topatuko dugun seinalearen ondotik pagadian sartuko gara. Ez dugu bide garbirik aurkituko. Pago artetik marka zuri-urdinak jarraituko ditugu aldapa behera eta mendebalderantz eginaz, azken pagoetaraino iritsi arte. Puntu horretan, gure eskuinaldean aurkituko dugun hesia bide lagun izango dugu: hasieran gure eskubitara, eta metro batzuetara, horretarako prestatutako tarte batetik hesia zeharkatu eta gero, gure ezkerretara utzita. Aurrerago, Jibraltarko mugarria topatuko dugu, hesiaren ondoan.
8.- 4,2km - 1h 37m - Jibral­tar­ko mugarria: Alertze azpitik doan bide bati jarraituz, mendiko pistaraino jaitsiko gara. Pista jarraituko dugu ezkerrerantz. Denbora luzez pista jarraitu ondoren, bidegurutze guztietan beherantz hartuaz, bailarako errekaraino iritsiko gara.
9.- 5,1km - 1h 52m - Purga­to­rioko erreka: Erreka zeharkatu bezain laster pista utzi eta errekaren norabidea jarraitzen duen ezkerraldeko bidezidorra hartuko dugu. Bidezidorra ez da oso nabarmena. Errekatik aldentzen goazen heinean, bide horren altuera mantenduz doa. Zenbait zatitan bide garbirik ez dagoen arren, aurrera jarraituko dugu altuera eta norabidea mantenduz. Aurrerago bidea zabaldu eta belar motzez tapatzen da. Horrek laugarren puntura eramango gaitu.
4.- 6,4km - 2h 15m - Bidegu­ru­tzea: Aldapa behera eginez, hirugarren puntura gerturatuko gara igoeran erabili dugun pista beretik.
3.- 6,5km - 2h 17m - Igerola-goikoa: Informazio panelaren albotik hasi eta beherantz doan pista hartuko dugu, ezkerrerantz. 20 bat metrora beste bidegurutze batekin egingo dugu topo.
10.- 6,5km - 2h 18m - Desbi­de­­ratzea: Jaitsiera eskubiko pistatik jarraituko dugu, ataka bat zeharkatu beharko dugu. Hurrengo kurbaren ostean, ezkerrerantz, pista zirriborratu egiten denez adi egon beharko dugu eskubitik jaisten den bidezidorra hartzeko. Hortik aurrera, basoan zehar, markak jarraitu beharko ditugu bide ez oso argi batek gaztainondo landaketa baten ondoan dagoen txabola bateraino eramaten gaituen arte. Txabolatik ikusi daitekeen erreka zeharkatzeko, errekan gora dagoen zubitxo bat erabiliko dugu. Zubira iristeko, txabolaren ezkerraldetik jaisten den bidezidorra hartuko dugu.
11.- 7,4km - 2h 45m - Zubi­txoa-Bidea: Zubia zeharkatu eta zementuzko bidean eskubira hartuko dugu. Bide horrek Olazarko baserrietaraino eramango gaitu. Segituan, Urruzuno ibaia zeharkatzen duen zubira iritsiko gara.
12.- 8,1km - 3h 0m - Olazar­ko zubia: Metro gutxira, ur-kanal bat aurkituko dugu errepide ondoan. Hori jarraituz, Ugaldetxora iritsiko gara.


Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!