Putzuzar eta Askaxar berritu dituzte; bi iturburu, eta bizi-iturri

Kronika - Erredakzioa 2013ko abu. 5a, 02:00

Akolako parke inguruan dauden Putzuzar eta Aska­xar iturburuak konpondu egin dituzte, eta berriz ere lehengo itxura hartua dute. Herna­nia­rrek auskalo noiztik edan duten horko ura, eta kontu egin dioten txukun-txukun, putzua bere horretan egon zedin, eta aziendak nondik edan izan zezan. Baina azken urteetan ahaztu xamartuta zeuden, eta ha­rriak erorita, putzuak galtzen ari ziren. Horrek ondorio larria ekarri die beste bizidun batzuei; hain zuzen, hor bizi ziren lehorreko ingel-gorri (Rana temporaria), arrobiyo (Salaman­dra salamandra) edo lau-hankakoei (Lissotriton helveticus). Izan ere, Putzuzar eta Aska­xar bi iturburu izateaz gain, bi bizi-iturri ere bai baitira.

‘Lau-hankakoak’ azaldu dira Putzuzarren
Geroago gauza gehiago egin nahi badira ere, Ereñotzuko auzotarrek ikusi zuten bi pu­tzuon egoera ez zela egokiena, eta txukundu bat ematea pentsatu zuten. Hain zuzen, Igor Miner eta bere seme Ekhi ibili dira iturburu ho­rietan erorita zeuden harriak jar­tzen, berriz ere putzua egin zedin. Esan eta egin. Putzuak berriz hor daude orain, eta uste baino azkarrago azaldu dira lehendabiziko bizidunak. Lau-han­kakoa azaldu da lehendabizi (euskera batuan, uhandre palmatua. Hernanin lau-hankako esaten zaio kolore marroieko animalia geldo horri).
Lau hankakoa azaldu da, baina oraindik bizidun gehia­go ere azalduko dira, lehengo putzuak baldin badira behin­tzat. Pedro Oiarbidek Kroni­kari halaxe kontatu dio, Pu­tzu­zarrengatik. «Bolada ba­tzuetan hor sumatzen zen igel hotsa! Sekulako pilak izaten dira hor sasoi batzuetan!». Orain ez, baina epe motzean berriz akaso entzungo dira igelen zalapartak.

Udaran agortzen zen Akolako putzua
Akola baserriko bizilagunak izango dira seguruenera Pu­tzu­zar eta Askaxar gehien era­bili dituztenak. Pedro San­ta Kruzek dioenez, be­raiek Pu­tzu­zar erabiltzen zuten gehiena, Akola baserritik aldean hura zutelako. Ura hartzeko erabiltzen zuten, aziendei ema­­­teko ere bai, eta baita erro­­pak garbitzeko ere. Goba­arriya ere ba omen zuen Pu­tzu­zarrek garai batean; alegia, gobara-harria: gobara edo kolada garbitzeko erabiltzen zen harria. Dena dela, Putzu­za­rrek arazo haundi bat izaten omen zuen: ur gu­txi, eta udara askotan agortu egiten omen zen. Orduan, Askaxa­rre­raino joan behar izaten omen zuten Akolatik, hark ur gehiago izaten zuelako Putzuzarrek baino (As­kaxar dago, Akolako parkea eta txabola pasa, eta 500 metro ingurura).
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!