Hernaniko Arraun Elkarteak azken urteetako etorkizunik onena dauka, bai epe motzera, eta bai epe luzera. Epe motzean, arraunlari mordoxka ditu, eta emaitza ederrak lortu ditzakete datorren denboraldian (50-60 gazte ari dira entrenatzen). Epe luzean, lokal berri-berria dauka, lehengo zaharraren ezaugarri berdintsukoa, eta horrez gain, elkarte gastronomikoa izango du, lokal berriaren gainkaldean, Ibarluzen. «Ibaiaren aldamenean, udaran joateko leku ezinhobean», Xabier Gurrutxagak, elkarteko arduradunak dioenez.
Lokal berria, metrotan
berdina, baina espazioa
irabazi
Arraun elkarteak lokal berria izango du, lehengoaren ondo-ondoan. Buruhauste haundiak eman badizkie ere, elkarteko arduradunak gustora daude azkeneko emaitzarekin. Lokal berriak metro kopuru bera izango du, baina espazioa irabazi egin dute, distribuzioa aldatu dutelako. Irabazitako metroekin, bulego bat eta elkarte gastronomikoa jarriko dituzte. Estatutuak erdi-eginak omen dituzte, eta gutxigorabehera 80 bazkiderentzat lekua izango du. 100 pertsona ondo sartzen omen dira, eta lekua oso egokia dela diote arduradunek. «Udaran adibidez, errioa ondoan dago bainatu ahal izateko, eta trafiko haundiegirik ez daukagu; beraz, toki lasaia da».
Diru iturria izango delakoan egin dute elkarte gastronomikoa Ibarluzen. «Egoera ekonomikoa gero eta okerragoa da, eta pentsatu beharra daukagu sos batzuk nondik atera. Elkarte gastronomikoak laguntzeko balio badu, gustora hartuko dugu».
Gipuzkoako Ligan, 3garren
Aurtengo emaitzek ez dute berdinik izan azken urteetan. Bi batelek hirugarren postua lortu dute Gipuzkoako Ligan: neskek kadeteetan, eta mutilek infantiletan. Horrez gain, neskek 3garren postua lortu dute Euskal Herrikoan ere, eta Gipuzkoako Federazioaren Saria irabazi egin dute; estropada horretan Hernaniko batel batek irabazi zuen, eta beste bat hirugarren postuan sartu zen. Mutilek bi estropada irabazi dituzte Gipuzkoako Ligan.
«Ganberrada bat» ere egin dutela diote elkarteko arduradunek. Mediterraneoko Llaüt Txapelketara joan eta irabazi egin dute neskek, Valentzia, Katalunia, Andaluzia eta inguruetako onenen kontra. Llaüt-a da, trainerilla estiloko ontzi bat, eta Mediterraneoan txapelketa egiten ari dira.
«Taldea elkartu eta beste giro bat sortzen ari da»
Poz guztiak ordea ez dituzte trofeoek ematen. Hernaniko arraun taldean 50-60 arraunlari ari dira, eta taldea mantendu egingo da datorren urterako. Jubeniletan izango dute hutsunerik haundiena, gehienak kategoriaz pasako direlako, eta kadeteei beste urtebete falta zaielako jubenil izateko. Gainerakoan, taldea osatuta dago infantilez eta kadeteez.
Giroak ere asko esan nahi du, eta hor lanak ondo egiten ari dira. Aurten adibidez, estropadetara autobusetan joan dira, denak batera, eta hori antzeman egin omen da. «Dirua horretan gastatzea erabaki dugu, eta gustora gaude. Orain taldea elkartu egin da, eta beste giro bat sortzen ari da. Hori egiten du autobusean elkarrekin joateak».
Trainerurik ez, oraingoz
Taldea ondo ikusita, zenbaitek pentsatu lezake: «Eta trainerua noizko?». Arraun elkarteko arduradunek oraingoz baztertu egiten dute aukera hori. «Etorkizunerako ez dugu deskartatzen, baina oraingoz bai. Ez gara osatzen, ez arraunlariz eta ez antolatzailez».
Lehian izan diren
tripulazioak
Infantil mutil - 2 batel
Infantil-kadete neska - 3 batel eta 1 llaüt
Kadete mutil - 2 batel eta 1 llaüt
Jubenil mutil - 2 batel eta 1 trainerilla
Jubenil senior neska - 1 batel