Elias Querejeta omenduko dute irailean, Zinemaldiarekin batera

Kronika - Erredakzioa 2013ko abu. 2a, 02:00

Elias Querejeta zinegile her­naniarra omenduko du Udalak irailean. Joan den ekai­naren 9an hil zen Que­rejeta Madrilen, eta Herna­niko Udalak, Bozeramaile Batzordean onartu zuen kale edo plaza bat eskaintzea. Omenaldi hori Txantxilla auzoan egitea ari ziren aztertzen, baina oraindik ez zegoen fetxa jakinik. As­tearteko Plenoan, Al­derdi Sozialis­tako Estefania Mor­cillok proposatu zuen Zi­nemaldiarekin batera egitea omenaldi hori. Erregu eta galderen atalean egin zuen proposamena, esanaz, Eus­ka­diko Filmategiak ere, egin berri diola omenaldia, eta sentsazioa duela, Udala denbora gehiegi ari dela pasa­tzen bere garaian onartutako omenaldi hori egiteko. Pro­posamenari erantzunez, Luis Intxauspe alkateak esan zion beraiek ere hori ari direla planteatzen. Alkateak azal­du zuenez, familiarekin jarri dira harremanetan, Euskadiko Fil­ma­te­giak egindako omenaldira joan baitzen Udaleko ordezkari bat, eta hauek ere ondo ikusten omen du­te garai horretan egitea. Oraindik egun jakinik ez dutela ere esan zuen Alkateak, baina irai­lean izango dela, Zine­maldiaren buletan.

Santa Barbarako exekuzio plana, onartua
Erregu eta galderen atalaz gain, sei puntu bozkatu zituzten astearteko Plenoan. Santa Barbarako landa-parkea egokitzeko proiektua izan zen horietako bat, eta Plenoak, aho batez onartu zuen. Santa Barbarako harrobi zaharreko hutsunea bete­tzea du helburu plan horrek. Astearteko Plenoak onartu zuen hondeaketa edo exkabazioetatik datorren lurren hondakindegi edo bertedero gisa aprobetxatzea harrobia, betetze lan horiek egiteko. Campezo Construccion SAU enpresa arduratuko da lan horiek egiteaz. Harrobia betetzearen helburua da, besteak beste, gu­nea berreskuratu eta lan­da parkea sortzea bertan. Kro­nikak biharko edizioan landuko du gai hau, zabalago.

Udal Euskaltegian lau orduko kurtsoa, Villar enpresako langileentzat
Plenoak baita ere onartu zuen Udal Euskaltegiak ta­sa berria izatea. Astean lau orduko kurtso berria sortzea onartu zen asteartean. Eskaintza berezia izango da, Villar garbiketa enpresako langileei bakarrik zuzendua. HABEk gutxienez astean sei ordu dituzten kurtsoak subentzionatzen ditu, beraz, eskaera berezi batetik dator kurtso berri hau; Plenoak onartutako prezioa 185 eurokoa da.

Galarretako argiztapenaren inguruan galdera Amonarraizek
Erregu eta galderen atalera itzulita, EAJko Andoni Amo­narraizek Galarretako Parke Teknologikoko argiztapenaren inguruan galdetu zuen. Azaldu zuenez, Udalak es­kaintza bat jaso du, berez 45.000 euro kostako litzakeen zerbitzua 0 eurotan egiteko. Amonarraizen esanetan, ulergaitza da halako eskain­tza bati ezezkoa eman izana eta Udalari arrazoia zein izan den galetu zion. Segidan, Estefania Morcillok hartu zuen hitza, eta esan zuen enpresa berri bat dela, eskaintza berri bat, eta ez dagoela arrazoirik baiezkoa emateko, baina ezta ere, ezetz esateko. Egokiena balorazio bat egitea zela erantsi zuen PSE-EEko bozeramaileak. Luis Intxauspe alkateak esan zien Udalak baloratu duela, teknikoen informeak ere badituela, eta badaudela arrazoiak pentsatzeko arriskutsua izan litekeela enpresa planteatzen ari den sistema hori etorkizunera begira. Hori horrela, Udalak erabaki duela argiztapen zerbitzu guztia ez uztea bere esku, baina proiektu piloto bat ematea, hau da, leku txiki bat uztea enpresa horri. Gainera, gogoratu zuen, erabaki hori hartu zen mahaian ez zegoela Udala bakarrik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!