Bost aurrelari eta atzelari bat lehian, guztiak Kutxa Sariko txapel preziatuaren bila

Kronika - Erredakzioa 2013ko abu. 2a, 02:00

Urteko txapelketarik in­por­tanteenari emango diote hasiera bihar, punta puntan dabiltzan sei erremontistek. Bost aurrelariak dira: Jon Juaristi, Javier Urriza, Patxi Zeberio II, Gorka Urtasun eta Koteto Ezkurra; eta atzelaria bakarra izango da: Julen San Miguel. Atzo aurkeztu zuten Kutxa Sariaren 31­ga­rren edizioa Donostiako Ga­ribay kalean, Kutxabankek duen egoitzan. Oriamendi 2010 en­presako eta Kutxa­bank­eko ordezkariak izan ziren bertan, sei erremontistekin batera.

Txapelketa hasieran, ligaxkako sei partidu
Bihar jokatuko da txapelketako aurreneko partidua, ligaxkakoa izango dena. Zozketa bidez, bi taldetan banatu zituzten atzo sei erremontistak. A taldean, Urriza, Urta­sun eta Ezkurrak jokatuko dute; eta B taldean, Zeberio II, San Miguel eta Juaristik. Ligaxkako aurreneko za­tian, talde bakoitzeko hiru erre­montistek elkarren kontra jokatuko dute. Partiduen ordena, honakoa izango da: abuztuak 3, Urriza eta Urtasun; abuztuak 6, Juaristi eta San Miguel; abuztuak 15, Urriza eta Ezkurra; abuztuak 17, Zeberio II eta Juaristi; abuztuak 20, Ezkurra eta Urtasun; eta azkenik, abuztuak 24, Zeberio IIa eta San Miguel. Ligaxkako partiduak jokatuta berdinketarik balego, bi erremontista horien artean izandako tanteoa hartuko litzateke kontuan.

Finalerdietan, bi taldeak gurutzatu
 Talde bakoitzeko bi erremontista onenak pasako dira hu­rrengo fasera. Finaler­dietan gurutzatu egingo dira bi taldeak: hau da, A taldeko onenak B taldeko bigarrenaren kontra jokatuko du; eta B taldeko onenak A taldeko bigarrenaren kontra. Finaler­die­tako bi partiduak abuztuaren 29an eta 31n jokatuko dira.

Final haundia, irailaren 7an
Eta azkenik, Banakako Txa­pelketan ondoen aritu diren bi erremontistek jokatuko dute final haundia. Irai­laren 7an izango da, partidu guztiak bezala, Galarreta pelotalekuan, arratsaldeko 16:00­etan hasiko den jaialdian.

20 urteetako txapeldunak

1992 Matxin II

1993 Aizpuru

1994 Matxin II

1995 Ezkurra

1996 Ezkurra

1997 Ezkurra

1998 Ezkurra

1999 Ezkurra

2000 Lizaso

2001 Ezkurra

2002 Ezkurra

2003 Eizagirre

2004 Ezkurra

2005 Ezkurra

2006 Zeberio II

2007 Zeberio II

2008 UrrutiaI

2009 Urrutia I

2010 Ezkurra

2011 Ezkurra

2012 Urriza

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!