Eguzkia eta anbiente ederra emana dago, gaur, Santa Barbara gainerako

Kronika - Erredakzioa 2013ko uzt. 31a, 02:00

Anbiente ederra eta eguraldi hobea seguru dira gaur, Santa Barbara gainean. San Inazio eguna eguzkitsua to­ka­tzen da normalean, eta gaur ere halaxe esan dute. Sar­goriari aurre egiteko, Santa Barbara gaineko airea ez da gaizki etorriko, eta eztarria frexkatzeko ere leku hoberik apenas izango den gaur. Komeri gehiago izango dituzte herri kiroletan ariko diren zortzi lagunek. Haiek bero-galdatan ari behar; eta zein baino zein gainera. Lau beterano eta lau gaztetxo nahasian jarri dituzte, aizkoran, lokotxetan, korrika eta zerramotorrarekin. Eguerdi aldeko 13:00ean hasiko da ikuskizuna. Bertsolari eta trikitilaririk ez da faltako. Mezatara joango direnak ere badira, eta bazkaltzen geldituko direnak ere bai. Toka, haur jolasak eta erromeria ere badituzte.

Ohiturazko meza, 12:00etan
Goizean mugitu eta oinez igo­ko dira gaur hernaniarrak Santa Barbarara, eta horietako asko, gainera, meza entzutera joango dira ermitara, urteroko ohitura horixe baita. Antolatzaileek jakinarazi du­tenez, urtero bezala, ko­txe­an igo­tzeko aukerarik ez da izango Elu­txe­ta sagardotegiko kruzetik gora.

Beteranoak eta gaztetxoak; denak herritarrak
Herri kirolek piztuko dute lehendik berotutako jendea. Zortzi herritar ariko dira, ba­tzuk beteranoak eta besteak gaztetxoak; baina denak afi­zio­natuak. Bi talde egingo di­tuzte: A taldean, Aitor Ba­rre­netxea, Juan Esnal, Axel La­rra­ñaga eta Garikoitz Ariz­mendi; B taldean, Ima­nol Pao­lla, Jon Larrañaga Larra, Aiert Paolla, eta Manex Ariz­mendi. Ondo preparatuta etorri badira ere, protagonistei gaur berotuko zaizkie motorrak. Aizkoran eta zerramotorrean zaharrenak ariko dira, eta lokotxetan gazteenak. Ko­rri­ka, denek egin beharko du­te saioa. Guztira 6na kanaerdiko moztu beharko dituzte. 

Arratsaldeko festa
Herri kirolekin ez da festa bukatuko. Bertsozaleek au­ke­ra izango dute goizean eta bazkalondoan bertsoak aditzeko: Iñaki Zelaia, Eli Pagola eta Antton Garin ariko dira. Trikitilariak ere izaten dira, eta koadrila arteko giroa izaten da orokorrean San Ina­zio­tan. Galdu ezinezkoa, baz­kal ondoko toka, umeen txokolatada eta erromeria ere.


10:00 Trikitilariak

11:30 Bertsolariak: Iñaki Zelaia, Eli Pagola eta Antton Garin

12:00 Meza, bertako ermitan

13:00 HERRI KIROLAK: Aizkora, lokotxak, korrika eta motozerra.

A taldea: Aitor Barrenetxea, Juan Esnal, Axel Larrañaga, Garikoitz Arizmendi. 

B taldea: Imanol Paolla, Jon Larra­ña­ga Larra, Aiert Paolla, Manex Arizmendi.

14:00 Herri bazkaria: marmitakoa, txuleta... txartelak: Aralar, Kitto (25 €)

16:30 Lagunarteko Toka Txapelketa

16:30 Haur joko eta txokolatada

17:30 Erromeria

19:00 Herrira jaitsiera

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!