«Naturara, lasaitasuna eta ibaiaren soinu berezi hori bilatzen dute etortzen direnek»

Kronika - Erredakzioa 2013ko uzt. 28a, 02:00

Hezea joan da udaberria; uda hasiera berriz, eguzki­tsua eta beroa. Bi fenomeno horiek lagundu dute Uru­mea bazterrak inoiz baino berdeago, ederrago egotera. Eguzkiak berotzen duen egun horietan, asko dira egun pasa, Urumea bazterrera joaten direnak. Ugaldetxo jatetxeak parean dituen zelaiak, ibai bazterrak, egokituak ditu aspalditik, Urumea ondoan freskatu nahi dutenentzat. Hernaniko Kronika Maria Isabel Balerdi Ugaldetxoko arduradunarekin elkartu da, izaten den mugimendua bertatik beratara ezagutzeko gogoz. 

Orain 40 urtetik bisitarientzat egokitua 
Urumea ondoan halako ze­laiak izanda, Maria Isabel Ba­lerdiren gurasoei bururatu zitzaien, orain 40 urte inguru, bisitarientzat txukundu eta egokitzea: «nik txikitatik ezagutu dut hala. Mahai batzuk baditugu, baina ez asko. Ko­txearekin sartzen dira zelai ba­rrura, eta normalean norberak ekartzen du behar duena: mahaiak, aulkiak, tunbonak; barbakoa egiteko aukera ere ematen diegu, beti ere, be­raiek ekartzen badute». Pre­zioa lau eurokoa da, kotxeko.

Plan perfektua naturaz inguratu nahi dutenentzat
Ekainean hasten da mu­gi­men­dua Ugaldetxo inguruan. Ura fresko-fresko egoten da eta zuhaitz azpitan itzala; plan perfektua, naturaz inguratu nahi dutenen­tzat: «eguraldiak laguntzen ba­du, uda hasieratik izaten da jendea. Natura eta lasaitasuna bilatzen dute Ugal­detxora inguratzen direnek. Errioko urak ateratzen duen soinua ere berezia izaten da, eta asko horrek erakarrita etortzen dira».
Urteak pasa ahala, ohiturak aldatzen joan direla dio Balerdik: «Orain urte batzuk ona egiten bazuen eta jai eguna tokatzen bazen  kotxe ilarak izaten ziren, eta karretera bazterra, leporaino; eromena izaten zen. Orain aldatuz joan da. Astez Her­naniko koadrilak etortzen dira gehienbat,  bizikleta gainean, arratsalde pasa. Asteburu eta jaiegunetan berriz, bertakoak baino gehiago, kanpokoak izaten dira orain; bai inguruko herrietatik etorritakoak edo Hego Ameriketatik Euskal Herrira bizitzera etorritakoak. Hauek plan lasaiarekin etortzen dira, familia giroan, eguna pasatzera».

«Ibai ingurua ez dute behar adina zaintzen»
Jendeak ibai ingurua eta natura zaintzen duen galdetuta, Balerdik ezetz dio: «hon­dakinak sailkatzeko on­tziak jarri genituen, eta ez zuen ia inork errespetatzen. Zaborra sailkatuz gero guk jasotzen diegu; bestela, eraman egiten dute. Eta gutxi batzuk badira bertan uzten dutenak. Saiakera egin dugu, eskuorriak banatuz, azalpenak emanaz... baina alperrik! zentzu honetan oraindik lan asko dago egiteko». 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!