Sagardoa, Kaxkoa, mendi bueltak... Hernanik erakarri egiten die turistei

Kronika - Erredakzioa 2013ko uzt. 27a, 02:00

Kostaldeak bakarrik ez, Gipuzkoako barrualdeak ere badu xarma berezia, eta turistak horren jakitun dira. Ur­tertik urtera gehiago dira Hernani bisitatzen dutenak; uztaila hasi zenetik 270 lagunek eskatu dute informazioa Biteri ondoan dagoen Tu­ris­mo Bulegoan. Maria Eiza­gi­rre egoten da bertan, gomendioak eman eta eskatzen dioten leku edo txokoen inguruko informazioa ematen.

Bisitari kopurua, bikoiztu
Bost urte dira Turismo Bu­legoa udan martxan jarri zutenetik. Orduko datuekin, 2008koekin, alderatuz gero, bisitari kopurua bikoiztu egin dela dio Eizagirrek: «150 lagun inguruk eskatu zuten hasiera hartan, informazioa. Orain badakite non gauden, eta asko zuzenean etortzen dira guregana. Uztaila bikain dijoa, eguraldiak ere, lagundu du eta. 270 lagun inguruk eskatu digute informazioa, hasiera hartako ia bikoitzak».

Bertako eta inguruko informazioa
Bertakoek, Euskal He­rri­koek, ezagutzen dute gutxi edo gehiago Hernanik eman dezakeena, eta asko informazio jakinaren bila pasatzen dira: «mendi ibilbideek izugarrizko arrakasta dute; asko dira, zuzenean, horren bila etortzen direnak. Eta guztien artean, Larre Gaingo bueltak du arrakasta gehien. Ez da ibilbide luzea, eta ingurua, paregabea, historia askokoa. Ibiltzera ohituago daudenek berriz, Usoko bira egiten dute. Luzeagoa da, zailxeagoa, baina puntu erakargarri askokoa baita ere» dio Maria Eizagirrek. 
Euskaldunez gain, proportzioan, Katalanak dira, Hernani gehien bisitatzen dutenak. Beraz, tendentzia ez da asko aldatu azken urteetan. Hauek informazio orokorragoaren bila etortzen dira: sagardoa, Kaxko historikoa, janaria... horrek erakartzen die gehien.
Eta atzerritik etortzen direnek, ez dute informazio jakinik izaten herriari buruz. Maria Eizagirrek ematen dizkie gomendioak: «Kaxko historikoak dituen puntu erakargarriak azaltzen dizkiet; Nere Borda parke botanikoaren berri ematen diet; parke eta plazen ruta ere azaltzen diet... hauei ere, Hernanin egin litezkeen ibilbideen be­rri ematen diet, baina turistek, orokorrean, erdigunea nahiago izaten dute». Pro­zedentziari erreparatuz gero, Europatik etortzen dira asko: Belgika, Alemania, Italia... Estatu Batu eta Hego Ameriketako bisitariak ere izaten dira. Baina bat aipatzekotan, Frantzia. Ma­ria Eizagarriren esanetan, uz­tailean, frantses askok bisita­tzen dute Hernani; eta abuztuan, Ingelesak izaten dira, gehiago.

Bisita gidatuak egiteko aukera
Kaxkoa, Santa Barbara eta Larre Gain inguruetan bisita gidatuak egiteko aukera eskaintzen dute aurten, nobedade gisa. Aldez aurretik egin behar da eskaera, eta mendi irteerak egiteko taldea, gu­txienez, 6 lagunekoa izan behar da. Maria bera da gidaria, eta uztailerako egina du aurreneko erreserba, bertako talde ba­tek, Santa Barbara bisitatzeko: «Alberro sagardotegiaren historia, la­kua, gotorlekua... bidean azalpenak ematen dizkiet. Abuz­turako ere, bes­te bi erreserba egin dituzte, kasu honetan, kanpotarrek».

Aurtengo balorazioa, positiboa
Txotx garaian eta udako bi hilabeteetan egoten da irekia Turismo Bulegoa eta izaten ari den harrerarekin gustura dira: «txotx garaian ez da hainbeste jende ibiltzen, sagardotegira etortzen baitira asko, zuzenean. Uda garaia diferentea izaten da. Azken urteetan gainera, gora dijoa turista kopurua. Gipuzkoa barnealdeak geroz eta gehiago erakartzen die eta hori positiboa da guztiontzat». 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!