Santa Ana eguneko ekitaldiak mugitzen dute bertako eta inguruko jende gehien, Astigarragan. Iritsi da egun haundia, eta aurreneko ordutik izango da festa giroa Foru Plazan. Idiak 09:30etan pisatuko dituzte eta demarako azken prestaketekin hasiko dira. 11:30etarako Plaza bete jende izango da, eguneko ekitaldi nagusien zain.
Batetik, gozogintzako azoka jarriko dute, roskilla, bizkotxo, madalena eta bestelako produktuekin.
Bestetik, sagardo dastaketa hasiko da; eta ez edozein dastaketa. Astigarragan Santa Ana egunez egiten den dastaketa Euskal Herrian egiten den zaharrena da, hau da, lehendabizikoa. 38garren edizioa izango da aurtengoa, eta Astigarraga eta inguruko 20 sagardogileek 2.000 sagardo botila irekiko dituzte, bertaratutakoen gozamenerako.
Eta azkenik, idi dema. Inguruan egiten den inportanteenetako da Astigarragan, Santa Ana egunez egiten den idi dema. Gaurkoan, hiru haundi eta hauen idi pareak: Aiako Izeta, Errenteriako Irarreta eta Igeldoko Olasagasti. 1.700 kiloko harriarekin buelta gehien ematen dituenantzat izango da, aurtengo saria. Eta guztia girotzen, Aitor Mendiluze ta Xabier Zeberio bertsolariak ariko dira.
Arratsaldean, herri kirol festak segida izango du Foru Plazan. 18:00etan hasita, bi proba: auzoen arteko desafioa giza proban eta belargintza probak, gazteen artean.
EGITARAUA
09:30 Zubietako joaldunak
09:30 Estanga trikitilariak
Foru plazan:
09:30 Idiak pisatzea
11:30 Gozogintzako azoka
11:30 Sagardo dastaketa
11:30 Idi dema: Izeta, Irarreta eta Olasagastiren artean
12:00 Bertsolariak: Aitor Mendiluze eta Xabier Zeberio
14:30 Bazkaria sagardotegian.
18:00 Herri Kirolak Foru Plazan
18:30 On egin Mon Amour ikuskizuna Apeztegi Plazan.
19:30 Trikitilariak.
20:00 Laiotz taldea
20:00 Hegaluze pintxoak eta Gernikako piperrak parrillan.
20:00 Hileko azken ostiraleko kartel agerraldia.
23:30 Laiotz Barandiaran plazan
00:00 Aborto Fallido, Anboters eta txema taldeak txosnan