«Santa Barbarara igo eta, begiratu Hernaniri», dio Joxe Mari Arrieta bertsolariaren bertso baten hasierak. Hernaniar askok egingo dute horixe, datorren asteartean, San Inazio egunarekin. Eguraldiak oker haundirik ez badu, eta ona dago emana, jendez beteko da Santa Barbarako gaina; batzuk mezatara igoko dira ermitaraino; beste batzuk urrutiagotik begiratuko diote tontorrari, trago bat lasai hartuz. Trikitixa eta bertsoak lagun izango dituzte, ezta herri kirolik faltako, eta ezta urteroko herri bazkaria ere, edo koadrilen arteko toka txapelketa...
Egun pasa, itzalean edo eguzkitan
Era guztietako planak egiten ditu jendeak San Inazio egunean, Santa Barbaran. Lekuak duen gauza ederra da, denentzako aukera jartzen duena. Oraindik nahikoa eguzki hartu ez duenak ez du zirrikiturik faltako nahi adina hartzeko. Beste batzuen iritziz ordea, itzala da eguzkiaren gauzarik ederrena, eta hori ere topatuko dute Santa Barbaran. Batzuk goiz pasa egin, eta bazkaltzera bueltan etorriko dira; beste batzuk bertan egingo dute bazkaria, beren kaxa, edo aurrez txartela hartuta (Aralar eta Kitto tabernetan daude). Bertan geratzen diren koadrilek tokan jokatuko dute, galtzeko bildur haundirik gabe; haurrentzat jokoak eta txokolatada ez da faltako... eta nola ez, erromeriarekin bukatuko dute festa: 17:30etan hasi, eta azkeneko izerdi tantak bota arte ariko dira.
Beti bezala, kotxeentzat bidea itxi egingo dute Elutxeta parean. Hortik gora oinez igo beharko da.
Herri kirolak,
gazte eta beterano
Herri Kiroletan iazko bide berari segiko diote, eta lau beterano eta lau gazte ariko dira. Bi taldetan banatu eta lau proba dituzte egin beharrak: aizkoran, lokotxetan, korrika eta motozerrarekin. 12:00etan hasiko da, festetan ikusmin haundiena pizten duen proba.
EGITARAUA
10:00 Trikitilariak
11:30 Meza, bertako ermitan
13:00 HERRI KIROLAK: Aizkora, lokotxak, korrika eta motozerra.
A taldea: Aitor Barrenetxea, Juan Esnal, Axel Larrañaga, Garikoitz Arizmendi.
B taldea: Imanol Paolla, Jon Larrañaga Larra, Aiert Paolla, Manex Arizmendi.
14:00 Herri bazkaria: marmitakoa, txuleta... txartelak: Aralar, Kitto (25 €)
16:30 Lagunarteko Toka Txapelketa
16:30 Haur joko eta txokolatada
17:30 Erromeria
19:00 Herrira jaitsiera