EMAKUME euskaldunek nortasun faltik ez dutela erakutsi izan dute beti, eta horren beste adibidetako bat dira Begoña, Maite, Milagros eta Aurora aranoarrak. Inauterietan Zomorroak puxka biltzen noiztik ateratzen diren jakitea ez da erraza; baina bai, emakumeak noiztik ateratzen dira. Orain 36 urte inguru atera ziren aurreneko aldiz, emakume eta gizonezkoak, Zomorro jantziz. Hasierako pausu hori eman zuten lau protagonista hauekin elkartu da Kronika. Gaur Aranoko festetako txupinazoa botako dute, berdintasunaren alde egindako lanagatik.
Ilusioarekin jaso dute txupinazoa botako dutenaren notizia: «sorpresa ona izan da eta notizi pozgarria ere bai. Gutaz gogoratu dira, eta horrek ilusioa egiten du»
Ordutik,
normaltasun batean
Tradizioz, gizonezkoak bakarrik ateratzen ziren inauterietan, puxka biltzera. Aurorak, ondo gogoratzen du, emakumeak hasi zireneko garai hura: «mutil gazte asko falta ziren, 4-5 soldaduskan egotea nahikoa zen, Zomorroen partehartzea zalantzan jartzeko. Nik esan nien, aterako nintzela, eta hala gehiago apuntatu ziren». Maite ere, gazte-gazte hasi zen, 15 urterekin: «ni ateratzen hasi nintzenean ez zen mutil faltik, ni atera egingo naiz esan nien, eta atera egin nintzen!». Ordutik, Zomorro jantziz nahi zuen guztiak izan zuen ateratzeko aukera, emakumea izan edo giziona izan: «polita izan da hainbeste urte eta gero, normaltasunera nola iritsi garen ikustea»
Buelta, baserriz baserri
Urteak pasa dira, baina ibilbideak bera jarraitzen du izaten. Aranoko inauterietan, larunbatarekin ateratzen dira Zomorroak. 08:00etan abiatzen dira, eta bailaraz bailara, baserriz baserri joaten dira. Garai batean, puxka biltzen joaten ziren; puxka deitzen zioten ematen zieten txerriki, arrautza, txistorra eta abarri. Orain ere puxka biltzera joaten dira, baina dirua jasotzen dute; eta jasotakoarekin, bukatutakoan, bazkaria egiten dute soziedadean.
Tradizioz, ezkondu bitartean ateratzen ziren gizon eta emakumeak, Zomorro jantziz. Orain hori ere, aldatu dela diote: «urte guzti hauek eta gero, gu berriz animatu gara ateratzera; orain seme-alabak, bilobak... elkarrekin ateratzen gara, ederra da benetan».
Jantzi zuria,
zintekin
Ibilbidea ez da aldatu ez den bakarra. Jantzia ere, garai bateko bera da: alkandora txuria, galtza txuriak bordatu eta guzti, eta zintak zintzilik. Momenturen batean, galtza txuri eta jertse gorriarekin ateratzen hasi zirela gogoan dute, «baina Arantxa eta Ainhoak garai bateko paperak atera zituzten, jantzien ingurukoak, eta ordutik, arrajatabla jantzita joaten gara» diote.