gipuzkoarrek zita inportantea dute gaurtik uztailaren 28ra, Donostian: Jazzaldia. Urteko musika jaialdirik inportanteenetakoak, Heineken Jazzaldiak, bederatzi eszenatoki izango ditu aurten, jazza edo musika zuzenean entzutea gustuko duten guztien gozamenerako. Eta kontzertu horietako asko, debalde izango dira.
Kanpoko eta bertako musikariak, tartean, izar haundiak
Jamie Cullum, Elvis Costello eta Diana Krall-en kontzertuek emango diote aurtengo Jazzaldiari sona. Baina ez dira izar bakarrak izango: Praroah Sanders, Hiromi, Buika, Belle&Sebastian, Jorge Prado, Dave Douglas, Gregory Porter eta beste hainbat musikari ospetsu ere, Donostian izango baitira aurten.
Gaur hasiko da Jazzaldia, eta lehenengo egunetik, jazz munduan ospe haundia duen Jamie Cullumen emanaldia entzuteko aukera izango da, 21:30etan, Zurriolan; gainera, kontzertua debalde izango da. Eta ez da debalde entzuteko aukera izango den izar bakarra izango. Ostegunean, Elvis Costelloren kontzertuaz ere ordaindu gabe disfrutatzeko aukera izango da, eszenatoki berean.
Zortzi kontzertu, gaur
Jamie Cullumen kontzertua eta beste zazpi antolatu dituzte aurreneko egun honetarako; guztiak, debalde. Zurriolan baita ere, ondoren, Shibusa Shirazu Orchestrak joko du. Frigo gunean, Gregory Porter entzuteko aukera izango da 20:00etan; eta Robert Glasper Experiment 23:00etan. Heineken terrazan ere, bi kontzertu antolatu dituzte: 20:00etan, Gabacho Maroconnection eta 23:00etan Trio Reiseger, Fraanje eta Sylla. Azkenik, Coca Cola gunean Igelaren Bandak joko du 20:00etan hasita; eta Ola Kvernberg Trio taldeak, 23:00etatik aurrera.