Euskera ikasleen eskutik hasiko dira Santio festak bihar, Astigarragan

Kronika - Erredakzioa 2013ko uzt. 23a, 02:00

Arratsaldeko 19:00etan botako dute txupinazoa, eta handik aurrera beste lau egun izango dira aurretik, festetaz gozatzeko. Urtero bezala, Santio eta Santa Ana egunak izango dira, inportanteenak.

Euskal Herritik kanpo jaio badira ere, astigartar peto-petoak sentitzen dira bihar txupinazoa botako duten sei emakumeak. Euskera ikasleak dira seiak AEKn, eta egiten ari diren saiakera aitortu nahi die Udalak, txupinazoa botatzeko aukera emanda. Pregoia 19:00etan irakurriko dute, Udaleko balkoian, eta handik aurrera izango da festarako tartea.


Festa goizetik
Ofizialki Santioak arratsaldean hasiko badira ere, festa bihar goizetik izango da Astigarragan: Toka eta poto lehiaketa, buruhaundiak, bazkariak, animazioa eta txokolate jatea izango dira, besteak beste. Txupinazoa eta gero, Akelarreak girotuko du herria, bigarren urtez. Eguna bukatzeko musika izango da nagusi: Gazte Jai diskoteka eta Lirica de Ceros eta Los Bonitos del norte. Santio Eguna, ostegunean Santio eguna izaten da feste­ta­ko egun nagusietako bat: haurrentzako jokoak izango di­ra goizean nagusi; eta arra­tsaldetik aurrera, musika eta dantza: Astigar dantza taldearen erakustaldia, Tro­vaha­va­na talde kubatarra, Larrain dan­tza, Mandoilek taldea...


Santa Ana, ostiralean
Ostirala baserritarrentzako an­­­tolatutako ekintzek markatuko dute. Idi probak, herri kirolak eta bertsolariak izango dira eguerdira bitartean, Pla­zan. Sagardo dastaketa ere izango da, Euskal Herrian egiten den zaharrena. Arratsal­dean, herri kirol desafioa dute Astigarragako koadrilek. Eta eguna bukatzeko, hegaluze pintxoak eta Gernikako piperrak izango dira dastatzeko, eta Laiotz, trikitilari eta txosnetako kontzertuak, dantza­tzeko. Tartean, herriko presoak ere izango dituzte gogoan.

Asteburuan ere, festa
Asteburuan inguratuko da ziurrenik, inguruko herrietako gazte gehien. Larunbat goizean umeentzako joko eta ikuskizunak izango dira nagusi; eta gauean, musika. Igandean, betizu jateak markatuko du eguerdi partea; eta iluntzea bi ikuskizunek: ile apainketa artisitikoak eta su kalejirak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!