«Gorputzak badu gaitasuna arazoei aurre egiteko. Gure lana da modua bilatzea gorputz hori lanean hasteko. Buruko arazoetan adibidez, blokeo bat egon liteke buruan, eta guk behar dugun informazioa ezin dugu gogoratu edo ekarri. Burmuinari erakutsi diezaiokegu informazioa non daukan gordeta, eta hara joateko bide alternatiboak badituela, edo burua ohitu dezakegu informazioa leku iristerrazago batean gordetzen...». Lluis Arnáiz Duró de Paradis medikuak atzo adierazi zuen, neurobiogenetikaren bidez hainbat gaitz edo arazori aurre egin litekeela, eta emaitza oso onak lortzen direla.
Hernaniko Pausoka elkarteak antolatu zuen hitzaldia, behar bereziak dituzten haurren elkarteak. Guraso eta haurrek leporaino bete zuten Pausokaren lokala, eta galdera pila bat egin zizkioten mediku katalanari.
Gorputzaren blokeoak
eta gaitasunak
Arazo baten aurrean, neurobiogenetikak lehenengo aztertu egiten du, gorputzak ze gaitasun daukan aurre egiteko, eta behin gorputza prest dagoenean, estimuloak sortzen zaizkio erantzuten hasi dedin. «Gorputz guztiek dute gaitasuna egokitzeko edo eboluzionatzeko, baina blokeatuta egon litezke, hainbat arrazoirengatik: haurrak bizitu duen egoera gogor bat, gainditu gabeko egoerak, istripuak... Hori aztertu egin behar da, eta ahal den neurrian oinarrizko funtzioak prest jarri ondorengo faseari ekiteko. Zer da ondorengo fasea? Arazoari aurre egitea, eta nola egiten dugu hori? Estimuloak sortuta».
Burua gai da ‘regeneratzeko’
Lehen uste zen neuronak ez zirela berritzen, baina atzo esan zenez, hori ez da horrela. «Neuronak berritu egiten dira, eta gure lana da erakustea zer eta nola berritu behar duten. Alegia, memoriak failo egiten badigu, gure buruari erakutsi behar diogu hori berritu behar duela».
Gorputzarentzat kaltegarri ez diren produktuak,
dosi txiki-txikietan
Batzuetan gorputza lo egoten da, eta ez du arazoa non daukan ikusten. Neurobiogenetikoek diote, gorputza aktibatu egin behar dela, eta estimuloak sortu behar zaizkiola, erantzuten hasi dedin. «Modu bat da adaptogenoen bidez egitea. 25 adaptogeno inguru erabiltzen ditugu, mikro-dosietan eman, eta nolabait esateko, gorputzari erakutsi egiten diogu zeren kontra egin behar duen borroka, edo zer indartu behar duen. Kasu guztietan, erabiltzen diren produktuak ez dira agresiboak, ekologikoak dira eta ez dute gorputzaren funtzioa ordezkatzen. Gorputzari lan eginarazten diote».
Gorputzaren beraren mekanismoak indartu behar direla adierazi zuen; adibidez, sukarra ona dela gorputzaren erreakzioa aktibatzen duelako, edo gaurko bakunak ez lituzkeela gomendatuko.
Buruko paralisiak, epilepsiak...
Gaitz jakinei buruz galdetu zioten. Buruko paralisiak tratatzen dituzte, epilepsia kasuak ere bai, eta beste hainbat... horrez gain, probatu gabeko kasuak ere badituztela esan zuen, baina aterik ez dutela ixten. «Kromosomopatia kasuetan ezin dizuet esan ze emaitza izango genituzkeen. Probatu egin beharko litzateke, eta alde horretatik bai, probatzeko prest gaude, zuek ere hala bazaudete». Bartzelonako mediku honek garbi utzi zuen, hainbat eta hainbat gaitz tratatu litezkeela neurobiogenetikarekin, baina hankak lurrean izan behar direla. «NASAko ingeniaria izatera iritsiko al da gure haurra? Seguru asko ez; baina hori ez dugu nahi. Guk nahi dugu gure haurra aske bizitzea, eta zoriontsu».
Lluis Arnáiz Duró de Paradis
Neurobiogen - Centre Mèdic la Salut
932 54 60 00