«Garraio publikoaren barruan iraultza bat» egingo du Diputazioak, Larraitz Ugarte Mugikortasun eta Bide Azpiegituretako diputatuak jakinarazi duenez. 2014 urte bukaerarako zerbitzua erabat berritu nahi du Diputazioak, eta hori, herritarrekin batera egingo duela dio.
Datorren irailetik aurrera, Gipuzkoako 57 herritan izango dira Diputazioko kideak. Bilerak egingo dituzte herritarrekin, autobusetan galdetuko da, eta on-line ere proposamenak egin ahal izango dira. Bi fase edo erronda eginda, proiektu definitiboa ekainerako egongo da, eta 2014 bukaeran zerbitzu guztia martxan espero da.
Hernani, eta beste zortzi herri
Hernaniarrekin ere bilduko da Diputazioa, prentsa oharrean dioenez. Ez du zehaztu data, baina herritar guztiei dei egin die, beren proposamenak egitera azaltzeko, irailetik aurrera izango den parte hartze prozesuan. Lau bailara haunditan banatu dute Gipuzkoa, eta Hernani Buruntzaldeko eta Tolosaldeko herrien artean dago: Hernani, Urnieta, Andoain, Lasarte-Oria, Usurbil, Astigarraga, Tolosa, Villabona eta Irura.