Uztailean festa faltarik ez da izaten ez Hernanin, eta ezta inguruetan ere. Asteburu honetan Santiotako lehendabiziko eguna dute bai Astigarragan eta bai Aranon.
Urteroko krosa, bihar
Astigarragan, bihar egingo dute urteroko Herri Krosa. Arratsaldeko 17:30etan aterako dira korrikalariak Apeztegia plazatik, eta parte hartu nahi duenak 16:30etatik aurrera apuntatu behar du irteera puntuan bertan. Saribanaketa, 19:00etan.
Pelotako finalak, igandean
Aranon ere igande honetan hasiko dute festa, gero ostegunean segitzeko. Pelota partiduko finalak jokatuko dira, 11:00etatik aurrera, eta 12:00etan, urtero bezala, kotxe zaharrak edo antigualak igoko dira Aranora.
San Inaziotako bazkaria
Santa Barbaran San Inazio eguna ospatuko dute aurten ere, uztailaren 31n. Urtero bezala, herri bazkaria izango da han bertan (marmitakoa, txuleta...), eta txartelak salgai daude, 25 euroan, Aralar eta Kitton.