«Bilboko Kontserbatorioa sekulakoa da instalazio eta prestazio aldetik»

Kronika - Erredakzioa 2013ko uzt. 18a, 02:00

Inoiz ez dira hiru hernaniar batera Bilboko Kontserbato­rioan aritu klaseak ematen, baina aurtengo kurtso bu­kae­ran halaxe koinziditu dute Nerea Goikoetxeak, Amaia Egilegorrek eta Karen Ortiz de Guineak. Egun askotan joan-etorriak elkarrekin egin dituzte, Usurbil eta Donostiako beste bi lagunekin batera, eta 3 orduko bidaiak askorako eman die, elkar ezagutu, eta batez ere elkarri laguntzeko.

Pianoa eta akordeoia erakusten, gustora
Egilegor eta Ortiz de Guinea akordeoia erakusten aritu dira, eta oraingoz bukatu di­tuzte Bilboko lanak. Goi­koe­txeak berriz, pianoa erakusten du, eta bost urterako lana dauka. Hirurek diote lanerako leku ederra dela Bilboko Kon­tserbatorioa. «Edifizioa bera sekulakoa da, eta instalazio eta prestazio aldetik ere bai. Auditorioa, piano-kola­du­na, gelak insonorizatuak... horrez gain, lau pisu ditu, eta parkina irakasleentzat, eta kafetegia, sukaldea... gozada bat da hor klaseak ematea».
Bilboko Kontserbatorioan 1.000 ikasle inguru ari dira, eta 70 irakasle inguru.

Maila dezente ona
Kontserbatorioak beti izan du fama ona, bertako ikasleek oso maila altua dutelako. Goikoetxeak, Egilegorrek eta Ortiz de Guineak ez diote horrenbesteko pixua eman fama horri, baina maila ona dela diote. «Orokorrean maila ona da, batez ere adin batetik aurrera, filtroa pasa behar izaten dutelako ikasleek. Hala ere, eskola guztietan bezala, denetik dago, bai hemen eta bai beste musika eskoletan».

Klaseak banaka, eta azken helburua taldean jotzea
Bai pianoa eta bai akordeoia banaka erakusten dira. Ira­kasle bakoitzak ikasle bat dau­ka ordubetez, eta hari bakarrik ematen dizkio klaseak. «Hori lehen ere hala zen eta orain ere bai. Dena dela, gero badituzte taldekako klaseak ere: ganbara, konjuntoa... berez, azkeneko helburua da, taldean ondo jo­tzea, beraz hori gero eta gehi­ago landu, hobe».

«Musika karrera ez da inoiz bukatzen»
Luzea da musika karrera. Hori ez da kontu berria, eta hiru musika irakasleok halaxe baieztatzen dute. «Karrera hau ez da inoiz bukatzen. Beti ari behar duzu zure bu­rua formatzen: garai bakoi­tzeko musika, pedagogia, partituren analisia, inprobisazioa... musiko bezala eta irakasle bezala».

Esaten den bezain gogorra al da?

Karrera gisara, musika ikasketak gogorrak izan direla diote hiru kideek. Ortiz de Guineak adibidez, korrika ere egin nahi izan zuen, baina ezin izan zuen apuntatu, orain ederki moldatzen den arren. Goikoe­txeak ere halaxe gogoratzen du ikasle garaia. «Ba­kardade pixka bat sentitzen da. La­gu­nekin ibili beharreko garaian, zu klaseetan bakarrik egoten zara, bost orduz ikasten egunero, gero entsaioak etxean...».
Dena dela, gustoko tokian aldaparik ez, eta gainera, gauza batzuk aldatzen ari dira, poliki bada ere. «Zer erakutsi esaten duen programa bat badago, baina nola eraku­tsi norberaren esku dago asko», dio Goikoetxeak. «Gu beste leku batzutan klaseak ematetik iritsi gara kontserbatoriora, eta hori nabaritu egiten da. Bertan urteak daramazkitenei kosta egiten zaie aldaketak onartzea», azaldu du Egilegorrek. Erronka politak ere badituzte aurrera begira. «Adibidez, klaseak euskeraz ematen ditugu guk, eta eskaera igotzen ari da. Hori positiboa da, eta horrez gain badira erronka gehiago ere: inprobisatzen erakustea adibidez, erronka bat da. Hori landu egin behar da».

Bilbora bidaiak gogoan
Epe motzean tokatu dira elkarrekin, baina hiru hernaniarrok gogoratuko dira Bil­boko Kontserbatorioko egonaldiaz, eta elkarrekin hara eta hona egindako bidaiez. 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!