Euri tantek amenazua jo zuten arren, apenas inor ikaratu zen atzo Hernaniko Kaxkoan, eta giro ederrean joan zen eguna, zapore oraindik ederragoekin bukatu zena, sardina jatea baitzuten errematerako, urteroko gisara.
Alkate berria indarrean
Eguerdian izan zen txupinazoa eta omenaldia, eta hortxe bizitu zituzten momentu hunkigarrienak. Maria Dolores Amonarraizek jaso zuen Alkate makila, Juani Lukasen eskutik. «Ondo zaindu ezazu herria e! Zergarik ez igo behintzat!» esan zion Lukasek, umore ederrean. Amonarraizek, 1926an jaioa izanagatik sasoian dagoela erakutsi zuen «gora Hernani!» oihukatuz. Joanjo Uriak, aurkezpen lanak beste behin bikain egin zituenak, hala kantatu zion bertsotan: «zuk pentsatu guztia ondo joango dela, alkatetzan eroso egon zaitezkela, etxeko eskailerak igotzen bezela».
Maite Iradiren omenaldian hunkituta egon zen jendea, batez ere, Regina, bere ama oroitu zutenean. Tomas Garmendiak kantatu zuen Reginaren omenezko bertsoa, Uriak egina. Iradik gogoan izan zituen bere aurrekoak, eta Karmen jaien bultzatzaileak.
Sardina jatearekin bukatu zen eguna, baina aurrez, saribanaketa izan zen. Txapeldunak: eskoban, Ixiar eta Ina; musean, Oxan eta Maria Luisa; tokan, Joxe Mari Aldasoro (hirugarren urtez); igelean, Xatur Fernandez; botean, Amaia Ubide; tortilarik onena, Maitere Ollorena; eta balkoirik ederrenaren saria, Rosa Aranbururentzat.