Egun osoko festa, Kale Nagusitik eta Andrekaletik atera gabe

Kronika - Erredakzioa 2013ko uzt. 16a, 02:00

l Mezarekin hasi eta sardin-jatearekin bukatuko dute eguna. l Maite Iradiri omenaldia egingo diote eta Maria Dolores Amonarraizek jasoko du Alkate makila. l Patata tortila lehiaketa ere izango da aurten.

Egun arrunt batean ere jende asko ikusi ahal izaten da Hernaniko Kaxkoan, eta gaur motibo berezia izango da hartarako. Karmen jaiak ospatuko dituzte gaur Her­naniko alde-zaharrean, edo Kaxkoan. Mezarekin hasi eta sardina-jatearekin bukatu, zeregin faltarik ez dute izango Kale Nagusia eta Karda­be­razetik atera ere egin gabe; gaur gainera, arratsaldeko emakumeen karta jokoa dela medio, Kar­daberaz berriz ere Andre­ka­le bihurtuko da; oraingoz egun bakar baterako (Udala aztertzen ari da izena aldatu edo ez).

Omenaldia, eta jolasak

Momentu haundiena eguerdian izango da, Maite Iradi omendu eta Maria Dolores Amonarraizi Alkate-makila emandakoan. Hortik aurrera jolasak eta jan-edana aukeran. Bazkari herrikoia Plaza Be­rrin, eta ondoren karta jo­koa izango da Andreka­le­an edo Kardaberaz kalean. Aurten patata tortila lehiaketa ere jarri dute. Hori eta beste joko guztien saribanaketak, 20:00­etan, Plaza Berrin. 

Maite Iradi Gorrotxategi, omendua.

«Eskertu egiten da jendeak errekonozimendu hau egitea»

Maite Iradi Gorrotxategi omendu egingo dute gaur, 12:00etan, Kaxkoan, bere drogeriaren aurrean. 50 urte daramazki drogerian lanean, eta horregatik omenduko dute aurten, bertan egindako lan guztiagatik. «Gehiago merezi zutenak» izango direla dio Iradik, baina nekez topatuko dute auzotarrek Iradi Drogerian adina erremedio. «Errekonozimendu hau asko eskertzen dut, eta poz haundia ematen dit» dio, hala ere, Iradik. Familiako negozioa dute Iradi Drogeria, eta Iradik sentitzen du bere aurrekoei egindako omenaldia ere badela; orain gehiago, gainera, Regina amak orain bi aste utzi baikaitu. «Ama asko poztu zen omenaldiarena jakin zuenean. Gaur oso gogoan izango dugu». Maite Iradik abuztuaren 5ean utziko du drogeria, baina erreleboa esku honetan uztera omen dijoa. Hernaniarra dela aurreratu digu, eta «oso fina», gainera.

Maria Dolores Amonarraiz Etxeberria, Alkatea.

«Gustora bizi naiz Kaxkoan; lehengo jende bera bizi da hemen»

Kaxkorako zaindari berriaren bila hasita, gutxi izango dira Maria Dolores Amonarraiz bezain finak. 1926 jaio zen Portu auzoan, baina ezkondu eta berehala jarri zen bizitzen Kale Nagusian. Bertan bizi da geroztik, eta ondo ezagutzen ditu bertako bizilagunak eta  bisitariak. «Azken batean, lehengo jende bera bizi da Kaxkoan, denek elkar ezagutzen dugu... gustora bizi naiz ni hemen». Lan asko egindakoa da Amonarraiz, Zikuña­gako papeleran 10 urtez, eta ezkondu zenetik etxekoandre gisa. «Lau biloba zoragarri» dituela dio, eta denekin egoteko aukera bilatzen du emakume alai honek. «Berramona ere egin naute gainera». Lana egiteaz gain, ordea, hobbiak ere baditu. Egunero kalera atera, eta igandero karta-jokoa, Oraiendarren etxean. «Lau lagun seiko urrean aritzen gara igandero». Juani Lukasen eskutik jasoko du gaur, Alkate-makila.

EGITARAUA

09:00 Meza Agustinetan
09:30 Diana
12:00 Txupinazoa
Alkate eta omenduari omenaldia.
Balkoi lehiaketa
Trikitixa Kaxkoan zehar
14:00 Bazkari herrikoia
16:30 Karta jokoa Kardaberazen
Toka, igela eta bote jokoa Nagusian
17:00-19:00 Puzgarriak Plaza Berrin
18:00 Txokolatada Plaza Berrin
20:00 Sari Banaketak
20:00-22:00 Sardin jatea
22:30 Bukaerako txupinazoa


Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!