urumea ikastola patiorik gabe ez uzteko eskatzen ari dira azken asteetan gurasoak. Aste honetan hainbat bilera egin dituzte, azkena, Udalarekin, Lizeagako bizilagunekin eta Kaxkoko komertzianteekin, eta gustura dira emaitzarekin. Bileraren helburua izan da, bakoitzaren eskakizunak entzun eta adostasunera iristea. Urumeako gurasoek azaldu dutenez, iritzi ezberdinak egon dira patioa parkin zein ordutan bihurtu erabakitzeko: «Komertzianteek, hasiera batean, eskatzen zuten 12:30etatik aurrera izatea bertan aparkatzeko aukera. Gogoratu genien, 12:30etatik 14:30etara, 60 neska-mutil inguruk jolasten dutela patio horretan, jangelatik atera eta klaseak hasi bitartean. Begirale bakarra izaten dutela, eta Tilosetan kontrolatzea oso zaila litzatekeela». Hori horrela, gurasoek proposatu zuten parkin gisa 15:00etatik aurrera funtzionatzen hastea; adostasun batera iristea lortu zuten Kaxkoko komertzianteekin eta Lizeagako bizilagunekin.
Udalaren erantzunaren zain
15:00etatik aurrerako ordutegia onartuz gero, Gurasoek eskaera berria egin zioten Udalari: «irteera berria egiteko eskatu diogu Udalari. Hau da, 16:30etan, ikastolatik ateratzen direnean, parkinera aterako dira zuzenean. Hori saiheste aldera, eskatu diegu irteera berria egiteko. Urumea atzean, frontoia margotua dagoen horretan, ranpa moduko bat egiteko eskatu diegu, irteera Sandiusterritik datorren espaloira izan dadin. Alkateak aparejadorearekin hitz egingo zuela esan zigun eta orain, erantzun horren zain gaude».