Hernanik kreditu txartel herrikoi bat izango du, denbora gutxi barru, Hernani Txartela deitu diotena. Hernaniko Udalak, Berriak Merkatari eta Ostalarien elkarteak eta Nafarroako Rural Kutxak bide luzea egin dute, eta laster jarriko dute kalean VISA txartel berria, erabat debaldekoa izango dena, eta munduko edozein lekutan erosketak egiteko balioko duena.
Edozein VISA bezalakoa
Oso berezia izan arren, oso arrunta ere bada txartel hau. VISA arrunt batek bezalaxe funtzionatzen du, eta munduko edozein lekutan ordainketak egiteko balio du. Dirua ateratzeko ere balioko du, baina kreditu txartel guztiek bezala, komisioa ordaindu beharko da. Alegia, alde horretatik ez du zailtasunik txartelak.
Abantailak hernaniarrentzat
Hernanitik kanpora erabili ahal izango da, baina abantaila gehienak Hernaniko dendetan ibilita lortuko dira; Berriak elkarteko dendetan, hain zuzen ere. Deskontu aukerak izango dira erosketetan, eta ordainketak zatika egiteko aukera, puntuak pilatzen joatea edo erosketakanpainetan abantailak.
Karabelgo gasolineran deskontuak izango ditu, eta horrez gain, Udalari egin beharreko ordainketak ere egin ahal izango dira.
Nobedade haundiena da, kiroldegira sartzeko balioko duela. Kiroldegiko txartelaren ordez, Hernani Txartela eskatu ahal izango da. Bazkide guztiei bidaliko zaie gutun bat, hori jakinaraziz.
Berriak Txartela daukatenei zuzenean aldatuko zaie Hernani Txartela.
Bankuetxez aldatu beharrik ez dago txartel hau egin eta helbideratzeko. Rural Kutxak egiten ditu gestioak, baina norberak bere kontu korrontea mantenduko du, hala nahi izanez gero. Aseguru maila bat ere izango du.
Non eta nola eskatu
Laister jarriko dute martxan Hernani Txartela, eta leku hauetan eskatu liteke: Nafarroako Rural Kutxan, kiroldegian, edo Berriakeko komertzioetan.
Hiru alde, hitzarmenean
San Joan aurrean sinatu zuten hitzarmena Udaletxean, hiru aldeek: Udala, Berriak, eta Rural Kutxa. Luis Intxauspe Alkateak «emaitza oso txukuna» izan dela adierazi zuen, bide luzea elkarrekin egin eta gero, «izaera emango dio Hernaniri, eta lotu egingo ditu ostalariak, Udala eta herritarrak». Tomas de Diego Berriakeko lehendakariak esker oneko hitzak izan zituen bai Udala eta bai Rural Kutxarentzat, «proiektuan buru-belarri inplikatu direlako. Proiektu hau herri guztiarentzat da ona, ez soilik komertzioentzat. Izan ere, VISA berri bat izango dugu debalde, eta bizi guztirako». Azkenik, Gorka Iturrik, Nafarroako Rural Kutxako Hernaniko arduradunak azalpen teknikoak eman zituen, eta merkatari txikien garrantzia azpimarratu. «Garapenerako pieza bat gehiago direlako. Gaur egun komertzio txikia sufritzen ari da, eta berpizten lagundu diezaieke era honetako proiektuek. Horrez gain, lagundu lezake kostuak jaisten eta balio erantsi bat ematen, bai herritarrei eta bai komertzioari».
Ezaugarri nagusiak
Kreditu Txartel arrunta.
Debaldekoa.
Kiroldegian sartzeko balio du.
Bankuetxez aldatu beharrik ez.
Ordainketak egin litezke munduko edozein puntutan.
Berriakeko dendetan beherapenak, puntuak pilatu, eta kanpainetan parte hartzeko aukera.
Karabelgo gasolineran merkeago.