Amalia de Gonzalo hernaniarraren modelo agentziak desfilea bihar, Chillida Lekun

Kronika - Erredakzioa 2013ko uzt. 12a, 02:00

Aurreneko modelo desfilea du bihar Amalia de Gonzalo hernaniarraren Koö­Koö modelo agentziak. 16 gazte modelo ikasketak egiten aritu dira KoöKoö agentzian, eta bihar dute, graduazio desfilea. Ilusioa eta ondo egindako lanaren segurtasuna nabari da Ama­lia de Gonzaloren hitzetan: «gisa honetako aurreneko desfilea dugu bihar eta dena prest dugu. Her­naniarra izaki gainera, ilusio berezia egiten dit, estreinua, Chillida Leku museoan izateak».

Urtebeteko lanaren ostean, desfilea
16 gazte aritu dira hernaniarraren KoöKoö agen­tzian, urtebetez, modelo ikasketak egiten. 18 eta 20 urte bitarteko gazteak dira eta argazkilaritza, pasarela eta interpretazio klaseak izan dira, jaso duten formazioaren oinarria. Bihar dute graduazio eguna eta Chillida Lekuko desfilean, ikasitako guztia erakusteko aukera ezin hobea dute.

Goi mailako diseinatzaileen jantziak
Ez da nolanahiko desfilea izango, Ion Fiz, Ivan Cam­paña eta Iraia Oiartzabal di­seinatzaile haundien diseinuak jantziko baitituzte. Ion Fizen diseinuak Cibeles eta Nueva Yorkeko desfileetan ikus litezke, urtero. Ivan Cabreras pertsonai ezagun edo celebrity askoren diseina­tzailea da. Eta Iraia Oiartzabal pasaitarra alta costura edo goi mailako jan­tzigintzara dedikatzen da.

Sarrerak debalde, gonbidapena deskargatuta
Moda eta desfileak gogoko dituztenek aukera ezin hobea dute bihar, Hernanitik mugitu ere egin gabe. Desfilea debalde izango da, baina aforoa mugatua denez, gonbidapena aldez aurretik deskargatu behar da www.kookoo.es helbidean.

«Garai txar hauetan gazteei laguntzea helburu»
Chillida Leku museoan egin zuten desfilearen aurkezpena asteazkenean. Luis Chi­llidak emandako prentsaurrean azpimarratu zuen, garai txar hauetan gazteen ilusioak babestearen alde egin duela Chillida Leku museoak: «modaren promesa dira gazte hauek, eta bizi dugun krisi ekonomikoan, lan mundurako pausua ez da erraza. Ikasketak bukatu berri dituzten gazte hauei lagundu nahi izan diegu, lan mundurako bide horretan bultzadatxo bat emateko»

Modelo agentzia, eta gehiago
Amalia de Gonzalo da agen­tziako zuzendaria. Donos­tian dute egoitza eta modelo eta personal shopper ikasketak ematen dituzte bertan. Argazkilaritza estudioa ere badute, eta kastinak neurrira egiteko aukera ere eskain­tzen dute. Urteetako esperientzia du KoöKoö agen­tziak, moda profesio bihurtu nahi dutenei laguntzen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!