Fiare banku etikoari buruzko bigarren bilera egin zuten astelehenean Udalean. Taldea sortzeko bidean dira Hernanin, Fiare banku etikoaren alde lan egin eta jarraipena egiteko. Asteleheneko bileran 10 herritar inguru elkartu ziren Beñat Irasuegiren azalpenak entzuteko gogoz; batzuk aurreko bileran egondakoak, eta besteak berriak.
Laburpena, hasteko
Aurreko hitzaldian emandako azalpenak ekarri zituen gogora Irasuegik bileraren aurreneko zatian: proiektuaren sorrera, Banku Etikoaren oinarriak, Tokiko taldeen garrantzia.... Azken horri helduta, Irasuegik azaldu zuen Fiare Bankuko Kooperatiban bazkideak eta taldeak direla inportanteena: «etorkizunean haunditzen joango da bankua, eta Hernanin Tokiko taldea sortzea oso inportantea da, proiektuaren oinarria, funtsa eta zabaltzeko bidea, herritarrak baitira».
Taldea sortzea adostu zen
Bileran taldea sortzea adostu zuten eta kide izango direnen datuak jaso zituzten. Hemendik aurrera, Gipuzkoako Fiarek lagunduko du dinamizazioan, baina taldea, tokiko bazkide eta interesatuek osatuko dute. Hauen eginbeharrak izango dira: proiektua herrian zabaltzea eta sustatzea, herritarrei informazioa ematea eta hitzaldiak antolatzea.
Taldeko bilera, irailean
Taldearen aurreneko bilerarako ordua jarri dute: irailaren 18an, 19:00etan, Biterin.