Udarako aurreneko itsas zeharkaldia jokatu da asteburuan eta Hernaniko igerilariak sasoi bete-betean daudela erakutsi dute, beste behin.
Alfaro onena, Deban
Debako VI Itsasmila igeriketa zeharkaldia jokatu zen batetik, eta onena, Peru Alfaro hernaniarra izan zen. Hernaniko triatletak 20:41ko denbora egin zuen eta hiru segunduko aldea atera zion bigarren sailkatuari, Eibarko Aitzol Illarrazari. Hirugarren sailkatua Martin Aizpiri izan zen, 16 segundura. Podiumetik kanpo, baina denbora bikaina eginez, laugarren postuan helmugaratu zen bigarren hernaniarra: Iñigo Goñi. 22:08ko denbora egin zuen. Zeharkaldian, guztira, 200 igerilarik hartu zuten parte.
Luis Goñi hirugarren, Tabarca-Santa Polan
Euskal Herritik kanpo, beste Goñitar bat bikain ibilitakoa da asteburuan; Luis Goñi. Tabarca-Santa Pola itsas zeharkaldian hartu zuen parte eta hirugarren postuan helmugaratu zen. Ordubete, 13 minutu eta 54 segundu behar izan zituen bukatzeko. Irabazlea Marcos Rivera izan zen, ordubete, 10 minutu eta 18 segunduko denboran helmugaratuta.
Estatuan jokatzen den itsas zeharkaldirik inportanteenetakoa da Tabarca-Santa Polakoa. 5.800 metro egin behar izaten dituzte igeri, Tabarcako irlatik Santa Polara. Mila igerilaritik gora izaten dira urtero eta izena ematea ez da lan erraza izaten. Goñik bigarren bukatu zuen joan den urtean eta aurten gonbidapena jaso zuen parte hartzeko.