Hiru kontzeptuk egingo dute bat Basque Culinary Centerren antolatu berri duten ikastaroan: sukaldaritzak, garagardoak eta jazz musikak. Jazztronomia izena jarri diote planari eta izena eman nahi dutenek zabalik dute epea, plaza kopurua mugatua baita.
Zerbezak dastatzea
baino gehiago
Edanetik hasiko da plana. Garagardoaren jatorria, zaporea, kolorea, testura... bereizten erakutsiko dute lehendabizi. Kaña bat ondo ateratzeak duen garrantzia ere, azpimarratu nahi dute aurreneko fase honetan. Horregatik, Gambrinus Hostalaritza Eskolako maisua gonbidatu dute, teknika guztiak ikasteko.
Menu konpletoa
Sukaldaritza izango da ikastaroko ardatz nagusietakoa. Menu konpleto bat egiten ikasteko aukera jarri dute, Basque Culinary Centerreko txef edo sukaldarien laguntzarekin. Egin eta jan. Ondoren, egindako lana elkarrekin disfrutatzeko aukera izango baita, Unibertsitateko egoitzan bertan. Eta hori gutxi balitz, Jazz musika izango da, otordua girotzeko.
Gehiago nahi duzula?
Jazz gogoz geratu direnek, festarekin jarraitzeko aukera izango dute hurrengo egunean, uztailaren 24an. Ikastaroarekin batera, sarrera vip-a oparituko baitute, Zurriolako eszenatoki berdean emango den kontzerturako.
Izen ematea, zabalik
Ikastaroa uztailaren 23an emango dute, arratsaldeko 17:30etatik 20:30etara. Ikastaroaren plazak mugatuak dira; 24 pertsonentzako lekua dago, beraz, jaso nahi duenak lehenbailehen eman beharko du izena. Prezioa 90 eurokoa da.
Izena emateko, hiru modu: www.bculinaryclub. com web orrian, club@bculinary.com helbidera idatzita edo 902 540 866 telefonora deituta.