2.348 euro, multikopista berria erosteko

Kronika - Erredakzioa 2013ko uzt. 7a, 02:00

San Joan jaietan gosariak eman dituzte Doberak eta Kronikak, eta gustora daude hernaniarren erantzunarekin. 2.348 euro lortu dira, eta beste 6.652 euro lortzeko kanpaina bidean da.

Gosari goxuak, ordu ttikitan, hala jarri zaio izena Dobe­rak eta Kronikak San Joa­netan AEKrekin konpartitu duten txosnako gosari-le­kuari. Jende dezente hurbildu da gosaltzera txosna ho­rretara, eta guztira 2.348 eu­ro irabazi dira, sei egunetako sarrerak eta gastuak kontuan hartuta. Diru hori multikopista bat erosteko da, Hernaniko Kronika egunero inprima­tzeko erabiliko dena. Dena dela, oraindik lanean segi beharko da, makina horrek 9.000 euro balio dituelako, eta beste 6.652 euro behar direlako oraindik kopuru horretara iristeko.

Diruarekin gustora, eta baita babesarekin ere
Kronikak eta Doberak esker oneko hitzak besterik ez dituzte herritarrentzat. Gus­tora lortu den diruarekin, baina batez ere jendearen babesa izan da azpimarratzekoa. «Dobera eta Kronikako bazkideek parte hartu dute bai turnoetan, bai bizkotxoak eta pastelak eta hain famatu egin diren San Blasak egiten...» azaldu dute arduradunek. «Horrez gain, izan dira ekonomikoki lagundu dutenak, edo generoa erosita ekarri dutenak, edo bankuan ingresoa egin dutenak, edo besterik gabe, txosnara etorri eta zerbait hartuz animoak eman dizkigutenak. Eta nola ez, eskerrak AEKri txosna konpartitzen uzteagatik».

Dirua biltzen segi
Kronikak behar beharrezkoa du multikopista berri bat, eta horretan segiko du datozen hilabeteetan ere. Beste 6.652 euro lortzeko kanpaina bidean da, eta dagoeneko jakina da bi modu izango direla dirua ingresa­tzeko. Interne­ten crowdfunding bat martxan jarriko da dirua lortzeko, eta bestalde kontu korronte bat ere jarri da (Laborala): 3035 0025 81 0250077672. «Bakoitzak nahi duen diru kopurua ematea nahi dugu,  euro batetik hasi eta norberak ahal duenera».

Kronikak bi multikopista ditu. Batek 9 urte ditu eta besteak 5 urte. Zaharrak, 9,5 mi­loi Kronika boteak ditu, eta erreleboa behar du; horretarako da diru-bilketa hau. 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!