Lan erdietan sartuko dira gaur Martindegin, San Fermin festetan. Atzotik datorren jendeak kalejira egingo du 07:00etan, eta auzotarrak esnatuta, berak lotara erretiratuko dira. Hiru ordu barru, 11:00etan, mobida izango da auzoko baserrietara, jai giroa auzo erditik inguruetara zabaldu dedin. Auzotar guztiei abixua emanda, hortik aurrerakoak Martindegiko Kaxkoan egingo dituzte. Aurretik, hala ere, 13:00ean, Goiko Ariztian oroigarri bat egingo dute «gure artean ez daudenentzat», eta Tturko familiari eskertza, egiten duten harreragatik.
Bazkari herrikoia eta
umeentzako bi ekintza
Auzo bazkariarekin indarrak berritu, eta helduek bazkalondoa luzatzen duten bitartean, haurrentzat erreleboa: puzgarriak 16:00etan, eta xexenak eta pottokak 18:00etan.
Gauean ere ‘mobida’
Iluntzean ere izango da mobida Oialumen. Azken urteetan Paollak irabazita, aurten berriz ere Zeraini tokatu zaio abere deman lehiatzea. Urte askoan Zerainek izan du errekorra Oialumeko dema-plazan, 100 plazarekin. Hain zuzen, iaz Paollak ondu zuen marka hori, 101 plaza eginda, Spirit zaldiarekin, eta askok ikusi nahiko du gaur Zerainek zer daukan esateko.
Hortik aurrera ere ez da mobidarik faltako. Giroa jarriko dutenak, Laiotz taldekoak, 00:00etatik aurrera.
Uztailak 6, larunbata
07:00 Kalejira auzoan zehar.
08:00 Lo kuluxka.
11:00 Auzoko baserrietan zehar mobida trikitixaz alaituta..
13:00 Goiko Ariztian oroigarri xume bat `gure artean ez daudenei´. Tturko familiari eskerrak, harreragatik.
14:30 Auzo bazkaria. *Txartelak aurrez, Oialume tabernan salgai.
16:00 Gaztelu puzgarriak.
18:00 Zezentxoak eta zalditxoak.
23:00 XII. Abere Dema (Oialume garraioak babestua). Hernaniko Imanol Paolla eta Hernaniko Zerainen zaldien artean.
00:00 Dantzaldia Laiotz-ekin.
Goizaldera Platano dantza lehia.