FESTA, algara, kale giroa, ume jolasak, buruhaundiak, zezen eta pottokak, txarangak, koadrilak, akelarrea, sua... denak balio du San Joanetako Argazki Lehiaketan. Nahiz eta aurten ere, gai baten inguruan bildu diren argazki gehien: Axeri Dantza. Berrogeita hamar argazkitik gora jaso dira pasa berri diren San Joanetan; eta kontuan izan behar da, eguneko argazki bakarra bidali zezakeela, partehartzaile bakoitzak.
Nobedade nagusia, sariak
Nobedade asko izan ditu Argazki Lehiaketaren edizio honek, eta beste urtebetez, hernaniarren erantzuna bikaina izan da. Alderik haundiena sariak izan dira: eguneko argazki onena saritu du aurten Hernaniko Kronikak; bost sari guztira. Eta beste nobedadea izan da, umeek ere, parte hartu dutela Lehiaketan. Bost egunetan jasotako ume-argazki onenak irabazi du aurten, txikienen lehiaketa.
Joseba Matias, Mikel Gurutzeaga, Ainhoa Iruretagoiena, Xabier Arnaiz eta Aitor Rodriguezenak izan dira, 2013ko argazki onenak; eta Irune Eizagirre txikiarena, umeen saileko polittena. Egunez egun bidalitako argazki guztiek ez dute lekua izan Hernaniko Kronikako papereko edizioan. Horiek eta irabazleak ikusgai daude, www.kronika.net helbidean.
Eskerrik asko, saria jarritako guztiei
Hernaniko Kronikak eskerrak eman nahi dizkie Lehiaketan parte hartu duten guztiei. Eta bereziki, saria jarri duten komertzio eta ostalariei. Eskerrik asko Adarraga, Akelenea, Josune Quintanilla, Kistiñe, Kixkal, Balantxa eta Udalari.