Pimeneko gailurra pirineotako begiratoki onena edo onenetariko dela diote askok. Bertatik Gavarnieko zirkua eta hirumilako gehienak ikus daitezke; Troumouseko zirkua eta Vignemaleko glaziarra besteak beste.
Gavarnieko zirkua 1967an sortutako Pirineotako Parke Nazionalaren barruan dago. UNESCOk Munduko Gizon-emakume guztien Ondarea izendatu zuen, bere balio natural eta geologikoengatik. Bertako flora eta fauna oso aberatsak dira, hartza ere agertzen baita noizbehinka. Aberastasuna haundia bezain hauskorra da eta babestu egin behar dugu. Hori horrela, zakurrak esaterako, debekatuta daude Parke Nazional osoan. Salbuespen bakarra herritik zirkura doan bidea da eta L´Hostellerie du Cirque izeneko hoteleraino dijoan bidea.
Zirkuak 6,5 km-ko diametroa du eta oinarritik goi-gailurretaraino 1.500 metro baino gehiagoko tartea dago leku batzuetan. Bertan dago Europan altuera gehien duen ur-jauzia. Guztira 427 metroko tartea du. Oso noizbehinka, negu berezietan bakarrik, ur-jauzi hori izoztu egiten da eta eskalatzeko moduan egoten da.
Gavarnie alpinismoa eta mendi-kultura elkartzen dituen Pirineismoaren jatorria da, bertakoak biatira baitira XIX-XX. mendeetako gidari eta mendizale handienetako batzuk, hala nola: Passet, Bernat-Salles eta beste batzuk.
Pimene gailurretik beste zirku garrantzitsu bat ikus daiteke: Troumouseko zirkua. 11 kilometroko diametroa du, baina Gavarniekoak baino bertikalitate txikiagoa duenez, ez da hain ikusgarria.
Gailurretik ere Russell kondearen (1834-1909) eremua izan zen Vignemale mendia ikusten da. Henry Russell bidaiari nekaezina eta mendizale amorratua izan zen. Pirineotako mendi, bailara eta zokoen esploratzaile sutsua izan zen. Pirineotako mendi ugari igotzen zituen eta urtero guk igoko dugun Pimene. Bere esana da bertatik ikusten den paisaia munduko politenetakoa zela.
Henry Russell Miarritzen hil zen 1909. urtean eta Pau hirian lurperatuta dago.
1go egunean, aterperako bidea
Ibilbidearen aurreneko egunean, Espugettera igotzeko Gavarnietik zirkura hurbiltzen den bidea hartuko dugu, bertan dagoen hotelaren albotik jaiotzen dena. Aldapa lasaiak ditu eta zirkua gertutik ikusteko aukera ematen du. Astazou mendien maldetan gora, poliki-poliki altuera hartzen joango gara. Igoera guztian Gavarnie haranera bista ederrak izango ditugu. Basotik atera bezain laster, Chalet du Pailla izeneko txabola batekin egingo dugu topo. Bertatik, muino baten gainean, Espuguettes aterpearen silueta ikusten da. Igotzeko soroen artean dijoan bidezidorrari jarraituko ditugu. Zati hau aldapatsua da, baina lasai hartuta berehala gara aterpean (2.032 m).
2garren egunean, gailurra
Aterpearen aurreko bidea hartuko dugu. Zig-zag haundia eginez, Gavarnie eta Estaube haranak bereizten dituen Allanz lepora bideratuko gara. Lepora iritsi baino lehenago, ezkerrera egin eta haranak bereizten dituen gandorrera iritsiko gara; eta segidan, Petit Pimene (2.667 m) gailurrera. Jaitsiera motz batek aurreko tontorra eta Pimenekoa banatzen dituen lepoan utziko gaitu. Azken igoera gelditzen zaigu. Malda gogorra da eta azkeneko metroak gandor estu bezain errazetik egingo ditugu. Gailurrera iristean, igoerak pena merezi izan duela konturatuko gara. Bistak izugarriak dira. Zaila da bertatik ikusten dena deskribatzea.
Indarrak berritu ondoren jaitsierari ekingo diogu. Bi Pimenen arteko lepora jaitsi eta Petit Pimene ezkerretik pasako dugu. Gandorretik jarraitu eta mugarria aurkitzerakoan, ezkerreko maldatik, Estaube zirkura jaitsiko gara. Berehala Allanz lepora iritsiko gara. Bertan bidea berriro nabarmen egiten da eta zig-zag ugari eginez Estaube zirkura jaitsiko gara.
Behean Estaube ibai ondotik jarraitu behar da Gloriettes urtegiraino. Ezkerreko maldatik urtegi gaineko bordetara igo behar da. Marka txiki batzuekin adierazita dagoen bideari jarraitu eta Txabola batzuen albotik igarota, pistan eskuinera doan bidezidorra hartuko dugu. Sail belartsu bat zeharkatu ondoren basora hurbilduko gara. Gedre seinalea segi eta azken zatia arazorik gabe egingo dugu.
Datu interesgarriak:
- Distantzia: 28 Km.
- Denbora: Guztira 8-11 ordu.
- Desnibela: Lehenengo egunean 650m eta bigarrenean 800m gora
eta 1.800 behera.
- Gailurrik altuena: Pimene (2.801m).
- Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabekoa.
- Beharrezko materiala: mendiko material arrunta.
- Mendiriz Mendik uztailaren 12-13anegingo du irteera.