Salmenta nahiko ondo dijoa Hernaniko dendetan, merkealdiko lehendabiziko egunetan. Uztailaren 1etik abuztuaren 30era izango da merkealdia, eta hasi behintzat ondo egin da. Harritzekoa ere ez da, udaberri-udarako kanpaina oso kaxkar joan delako, eguraldiaren erruz, batik bat. Horregatik, aukera haundia dago orain dendetan, eta oso prezio txukunetan. %10 edo %20tik hasi eta %50erainoko deskontuak badira.
Berde ‘menta’ nagusitu da aurten, arropa koloreetan
«Korala gustatzen al zaizu?» galdetu dio Eukenek bezeroari, galtza zuriekin batera janzteko. Azkenean beste kolore bati begiratu dio bezeroak, baina ez dio muzinik egin kolore gorrizta eta naranja ikutukoari. «Aurten bi kolore nabarmendu dira: korala eta berde menta edo itsaso kolorekoa. Korala biziagoa da, eta uste genuen bera nagusituko zela, baina berdea gehiago ari gara saltzen», dio Eukenek. Iaz berde benettona nagusitu zen, aurtengoa baino biziagoa, eta ez zuten uste aurtengoak halako tiradizorik izango zuenik. Mahuka dendako Nagorek ere halaxe dio: «egia esan berde menta hau oso ondo ari gara saltzen».
Kolore biziak gustoko, baina ez ‘minegiak’
Udara parte honetan kolore biziak erosten ditu jendeak, eta baita hernaniarrek ere. Hala diote bai Mahuka eta Eukene dendetako nagusiek. «Neguan iluna saltzen da, baina udaran koloretsua. Kolore biziak gustoko ditu hernaniarrak, baina gehiegi gabe. Kolore min edo txilloiak ez dira hemen saltzen, estanpatu diskretoagoak nahiago ditugu. Hemen bizi zaleak gara, baina neurrian».
Ibai Mendin kolorea ondo saltzen dute, baina urtetik urtera ez omen da hainbeste aldatzen. «Guk kolore berdintsuak izaten ditugu urtero; ez da tenporada bakoitzean aldatzen. Hala ere, bat esan beharko banu, azken urteetan fuxia ari da nabarmentzen», dio Montxik.
Kontsumoa behera
«Lehen 200 euro gastatzen zituenak orain 120 gastatzen ditu. Hori da gehien nabaritzen dena». Egoera ona ez bazen, 2012ko martxotik sekulako jaitsiera nabarmendu dute dendariek orokorrean, eta hori krisiak eragina dela diote. «Lehen ba-zuenak orain ez duelako, eta orain baduenak bildurra daukalako. Kontsumoa jaitsi egin da, eta jendeak gero eta gehiago begiratzen dio prezioari».
Hernanin gero eta gehiago
Hala ere, egoera oso kaxkarra izanagatik, badira zenbait arrazoi baikorrak izateko ere. Mahukako Nagorek dioenez, hernaniarrek gero eta gehiago erosten dute herrian. «Nahiz eta gutxiago kontsumitu, gero eta hernaniar gehiagok erosten dute Hernanin bertan. Denda berriak zabaltzen ari dira, eta horrek erakusten du herritarrak bertan geratzeko joera hartzen ari direla».