Aizkora saioa edo desafioa oso errotuta dagoen ekintza da Martindegiko festetan; izan ere, 1965ean egin zen lehenengoa. Urte guzti hauetan, formula desberdinak erabili dituzte eta desafio desberdinak izan dira. Bi urtetan, gainera, aizkora saiorik ez zen izan. Baina gehien bat, bat biren aurkako formula erabili izan dute eta azken urteetan ere halaxe izaten jarraitzen du. Euskal festaren barruan antolatzen dute eta aurten igandean izango da, San Fermin egunez.
Hasierako urteetan, formula desberdinak
Auzoko festetan giro pixka bat jartzeko asmoz, Oraingo gazteak izeneko koadrila sortu zuten Martindegiko hainbat gaztek eta aizkora saioa antolatu zuten 1965ean. Urte hartan, Antton Irazusta `Polipaso´ bakarrik aritu zen Pedro Etxeberria eta Antton `Ahuntxa´ren kontra.
Hurrengo urtean, 1966an, Oraingo gazteak koadrilako bi kide animatu ziren: Juan Miguel Goikoetxea eta Iñaki Tolosa.
Hori horrela, hurrengo urtean auzoen arteko saioa antolatzea okurritu zitzaien koadrilako kideei. Eta Martindegi eta Ereñotzuren arteko aizkora desafioa egin zen. Ereñotzutik Tomas Solano Pikoaga etxeberrikoa eta Mariano Oiartzabal Izenederrekoa aritu ziren; eta Martindegitik, Iñaki Tolosa eta Esteban Goikoetxea `Rufo´. Martindegik irabazi zuen.
1968an, berriz, Martuteneren aurka egin zen desafioa. Baina oraingo honetan, mixtoa. Aizkoran eta korrika neurtu ziren. Martutenetik, Alberto aritu zen aizkoran eta Eizagirre korrika. Martindegitik, berriz, Iñaki Tolosa aritu zen aizkolari lanetan eta Asintxio Barrenetxea korrika. Martutenek irabazi zuen eta Martuteneko festetan errebantxa jokatu zuten. Han ere Martindegiko bikoteak galdu egin zuen. «Pena izan zen, kolpe bakarragatik galdu genuen», gogoratzen du Tolosak.
Hurrengo bi urteetan, ez zen aizkora saiorik izan; korrika bakarrik neurtu ziren. 1969an Martindegiko Asintxio Barrenetxea eta Kandido Goikoetxea, Miguel Aldaz korrikalariaren kon-tra aritu ziren. 1970ean, Martindegiko bikote bera `Txikito de Arruizen´ aurka neurtu zen. «Korrikalari hark nahi zuena egiten zuen», gogoratzen du Tolosak.
Azken 42 urteetan, puntako aizkolari bat, bi gazteren aurka
1971tik aurrera, punta-puntako aizkolariak ekartzen hasi ziren Martindegin, diru pixka bat lortu zutela-eta. «Urte hartatik aurrera, beti, aurreneko filan dabilen aizkolari bat ekartzen dugu eta haren aurka bi gazte aritzen dira. Urte guzti hauetan Martindegitik pasa dira: Arrozpide, Mindegia, Larretxea, Nazabal, Olasagasti, Etxebeste...». Eta gazteen artean, bikote bezala, auzotar bat ere aritu izan da askotan: Larra.
Kostu gabeko festak
«Oraingo gazteak koadrila sortu genuen festak antolatzeko, baina dirurik ez genuen eta gure artean antolatzen genituen ekintzak, aizkora desafioak eta horrelakoak. Denborarekin diru pixka bat lortzen joan ginen eta aizkolari onak ekartzen hasi ginen. Dena dela, nik uste lehengora bueltatzen hasi behar dugula. Kostu gabeko ekintzak antolatzen hasi behar dugu pixkanaka. Bertako auzotarren artean ere giro ederra jarri daiteke eta oraingo gazteak horretara zuzendu behar ditugu», azpimarratu du Tolosak.
Boxeoa ere bai
Aizkora eta korrika saioez gain, beste hainbat ekintza ere antolatu izan dituzte Oraingo gazteak koadrilakoek: boxeoa, esaterako. Astigarragako Angelito `El tigre de Astigarraga´ eta Martindegiko Josetxo aritu izan ziren behin baino gehiagotan elkarren aurka. «Broma moduan izaten zen, ezer serioa, baina giro ederra jartzen zuten gauean», dio Tolosak.
Horrez gain, azken 12 urteetan zaldi dema antolatu izan dute eta harrijasotzaile eta bertsolariak ere izaten dira.
Egurra lortzekokomeriak
Hasierako urteetan, festak eta ekintzak antolatzeko dirurik ez zutenez, aizkora saiorako egurra lortzeko komeriak izaten zituzten, eta `gaixtakeriak´ ere egin behar izaten omen zituzten: «Orain ETB dagoen lekuan, Granja Miramon zegoen lehen. Militarrena zen eta soldaduska egiten zen bertan. Juan Miguel Goikoetxea han zegoen soldaduska egiten eta okurritu zitzaion handik egurra ateratzeko aukera izango zela gauez. 1966ko saiorako halaxe lortu genuen egurra».
Eta hurrengo urteetan, herri mendietara joaten hasi ziren. «Orduan ere gauez, trontzadora hartuta. Gainera, Epelerrekara joaten ginen eta han polborina zegoenez, Guardia Zibilak ibiltzen ziren. Halaxe azaldu zitzaizkigun aurreneko aldian, «¡Alto, la Guardia Civil!» esanez. Guk gure esplikazioa eman genien, festak antolatu nahi genituela eta egurra lortzeko dirurik ez genuela esanez, eta utzi egin ziguten egurra eramaten. Hurrengo urteetan ere antzera ibili ginen, Guardia Zibila beti atzetik genuela. Modu horretan ezin genuela jarraitu erabaki genuen eta Udalari eskatu genion egurra hartzeko baimena».
Handik aurrera, Anttonio Aranburu orduko basozai-nak izendatzen zuen zuhaitza eta hura hartzen zuten. Dena dela, modu horretan egiteak ere bazituen bere zailtasunak eta azkenean Udalari eskatu zioten berak emateko egurra. «Azken urteetan horrela funtzionatu izan dugu. Beraz orain, Udalak ematen digu diru pixka bat eta baita egurra ere», azaldu du Tolosak.
Egurra prestatu, aizkoran aritu eta lagundu
Udalaren laguntzarekin zama asko erraztu zaien arren, egurra prestatzeak badu bere lana eta ondo baino hobeto ezagutzen du hori Iñaki Tolosak. Urte guzti hauetan beti aritu izan da zeregin horretan, baina bakarrik ez dela aritzen eta laguntzaile onak ere badituela aitortu dio Kronikari.
Aizkoran berriz, hasierako 4 bat urtetan ateratakoa da, Martindegiko festetan; eta azken urteetan, Martindegira joaten diren aizkolari nagusien laguntzaile gisa aritzen da.
Egurraren garrantzia
Saio polita egiteko, egurrak bere garrantzia baduela azaldu du Tolosak. «Aurreneko urteetan, platano beltxa erabili genuen. Udalak ematen digunetik, berriz, pinua erabiltzen dugu. Zuzena eta erreka bazterrekoa izaten ahalegintzen gara; xamurra».
Tamainari dagokionean, kana erdikoak eta 60 ontzako tamaina artekoak izaten dira, orokorrean. «Bakoitzak 9 egur izaten ditu, normalean. Batzuetan gutxiago, egurraren tamainaren araberakoa izaten baita. Baina saio polita izateko, 20 minutuko lana izan behar du, gutxi gorabehera, eta horrela kalkulatzen dugu. Tarte horretan saltsa sortzen da, baina hortik aurrera, aizkolari gazteen eta punta-puntakoen artean alde haundia nabaritzen da. Saioa motza bada, hobe izaten da festarako», argitu du Tolosak. n