Adituek ez dute xaguxarrik aurkitu Iturmendiko Jentilzuloan. Txanpiñoien koba gisara ezaguna da leize-zulo hori, Hernaniko haundiena, eta hain zuzen horren eraginez, 100 urteko industria erabilera horren eraginez, koba horretan biodibertsitatea ez da hasieran espero zitekeena. «Berez leku hau ez da batere txarra xaguxarrarentzat, baina oso humanizatua dago» dio Egoitz Salsamendik EHUko ikerlariak eta xaguxarretan adituak. Javier Busselo eta Txomin Ugaldek diotenez «100 urtez hazi dituzte hemen txanpiñoiak. Produkzio industriala izan da leize honetan, orain dela 20 urtera arte. Langileak gora eta behera, kalefazioak, bi ixkiñetan paretak egin zituzten...». Felix Ugarte espeleologia taldeko kideak dira Busselo eta Ugalde, eta hain zuzen talde hori da leize hau garbitu, eta sartzeko moduan jarri duena. «34 tona metriko hondakin atera genituen hemendik, errez esaten da». Beraiek egin dituzte gida lanak, kobak dituen kilometro erdi inguruan.
Ferra-xaguxarra,
galtzeko arriskuan
Xaguxarra babestua dago, orokorrean populazioa jaisten ari delako. Horietako bat, bereziki egoera larrian dagoena da Ferra-xaguxar mediterranearra, edo Rhinolophus euryale espeziea. Hain zuzen, espezie horrentzat oso leku aproposa izan zitekeen Iturmendiko Jentilzuloa, badakigulako lehen izan zirela hemen eta inguruko leizezuloetan. «Badakigu hemen izan zirela, eta baita inguruetan ere: Errekalde gaineko Unanue-zar ondoko koba ezagunean, edo Andatzako Guardaetxeko koban», dio Salsamendik. Denetan galduta dago orain espezie hori, eta Euskal Herrian bi lekutan soilik bizi da, Karrantzan eta Saran. «Oso leku bereziak dira, eta oso-oso tankerakoak. Baserri inguruak, larreak, soroak eta basoak nahasian, fruta arbolak... Alde haundiena da, hemen eta Errekalden gizakiak sekulakolanak egin dituela, eta hormigoiz inguratu dutela hau».
Leku horiek babestea, garrantzizkoa
Kobazulo batean bizidunak beti egon izan dira, eta horiek babestu nahi badira, ingurua ere babestu beharra dagoela diote adituek. Txanpiñoien koba itxi egin dute, jendea sartu ez dadin, baina ateari zirrikituak utzi dizkiote, noizbait xaguxarren batek berkolonizatu nahi badu ere. «Ugaztun txikiak ere sartzen dira koba batean, azkonarrak, axeriak... babesa nahi duen guztia, eta horientzat sarrera ez dugu itxi» dio Busselok.
Antziola-Arizmendi ingurua «oso berezia» da, alde guztietatik begiratuta. Biologoek diotenez garai bateko baserri ingurua, landare espezieak, leku txikian gauza garrantzitsuak daude. Espeleologoek azpimarratu dutenez, Iturmendiko Jentilzuloak irakaskuntzari asko lagundu diezaioke, leku txiki-txiki batean paisaje karstikoaren zatirik garrantzitsuenak daudelako: «kilometro erdi eskas dituen azaleran, errekak egiten duen bidea ikusi daiteke. ura sartzen den zulo bat dago, koba fosilak daude (dagoeneko errekarik pasatzen ez direnak), koba aktiboak (erreka dutenak), dolina edo sakonune bat, putzuak, eta ura ateratzen den puntua». Oraingoz proiektua egina dago, baina hori martxan jartzeko dirurik ez dute. Bitartean, horrela egongo da kobazuloa, itxita, gaueko ugaztunen batek kolonizatzeko esperoan.