San Miguel bikote baten kontra, gutxitan ikusten den ikuskizuna gaur

Kronika - Erredakzioa 2013ko eka. 29a, 02:00

l Etxabe IIa eta Agirrezabalaren kontra ariko da doneztebarra, joko puntu izugarrian dagoena. l Buruz buruko txapelketarako prebiako lehenengo partidua ere jokatuko da gaur: Zubiri-Matxin VI. l Gaur ospatuko dute Oriamendi 2010 enpresak Galarreta berriz ireki zueneko hirugarren urteurrena.

Erremontista haundienei bakarrik jarri izan zaie bikote baten kontra bakarka jokatzeko lana. San Miguelek Etxabe IIa eta Agirrezabala izango ditu aurrean; bi gazte, bi promesa haundi. Gutxitan ikusten da era ho­netako partidu bat erre­mon­tean, ba­karrik jokatu behar duenak oso joku-puntu onean behar duelako. Berezia izaten da, bai ikuslearentzat eta bai jokatu behar duen pelotariarentzat; bikotearen­tzat berriz, partidu zaila, eta konpromisozkoa. Bakarrik biren kontra jokatuak oso izen haundikoak dira: Ezku­rra, Urrutia... San Miguelek haundienen lekua hartuko du, gaur, Galarretan.

Zubiri eta Matxin VIa buruz buru, Kutxa Sarian leku bat bilatu nahian
Kutxa Saria Buruz Buruko Txapelketa Nagusia abuztuan hasiko da, eta han jokatu ahal izateko bi posturen bila hamar pelotarik jokatuko dute prebia. Gaur, Aritz Zubiri goizuetarra ariko da Matxin VIaren kontra, jaialdiko laugarren partiduan. Hernanin bizi den goizuetarrak ilusioz ekingo dio eskailera moduan jokatuko den Kutxa Sariko prebiari. Jaialdia 16:00etan hasiko da Galarretan, eta lau partidu izango dira. 1) Segurola-Aizpuru III/Otaegi-Labaka. 2) San Miguel/Etxabe II-Agirrezabala. 3) Juaristi-Ion /Etxeberria IV-Barrenetxea IV. 4) Zubiri-Matxin VI.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!