Merkataritza da aurten San Joan Konpartsak hartu duen gaia. Ekainaren 27an urteroko ibilbidea egingo dute: Gudarien plazatik hasi, Andre kaletik pasaz Zinkoeneara iritsi eta kale Nagusitik barrena berriz ere Gudarien plazan bukatzen da, hemen azken antzerkia eginez. Hernaniri eta bere historiari lotutako gaiak hartzen dituztela diote Jonek eta Pepik, eta helburua Hernaniko historia errekuperatzea eta ezagutzera ematea dela.
Herriko denda txikiei, bultzada
Aurtengo gaiarekin bultzada bat eman nahi izan omen diote herriko denda txikiari. `Herria bizirik nahi badugu, komertzio txikia bizirik behar dugu´ dio Pepik, eta jarraitzen du `horretarako, herritarrok denda txikietara joan behar dugu erosketak egitera, beraiek baitira aurrera begira lagunduko digutenak, bai kultura egiten, baita beste gauza askotan ere´.
Antzerki gutxiago eta dantza gehiago ikusi ahal izango omen du herritarrak aurtengoan. Ttarla dantza taldeko lagunak ibiliko dira Konpartsarekin, zankoen gainean ibiliko omen dira kaleetan zehar beste batzuk… Konpartsakoak guztira berrogeita hamabi bat izango omen dira dantzariak, eta desfilean hogei bat. Karrozak berriz, Hernanin garai batean ezaguna zen Ordoñez farmaziaren itxurarekin hartuko du oraingoan. Gaur egun Kixkal taberna dagoen lekuan zegoen farmazia hau, eta orduko pertsonak ere agertuko dira desfilean. Garai desberdinetako merkatariak ikusi ahal izango dira kalean.
Herriko denden zerrenda
San Joanetan aterako duten liburuxkan 1931tik aurrera Hernanin egon diren denden izenak aterako dituzte. Jon Oñate bera ibili da lan hori osatzen, eta ez omen da batere erraza izan Hernaniko merkataritzaren zerrenda osoak lortzea. Berriak elkartearen eta Luis Mari Aristorenaren laguntza izan du gaur egungo eta lehenagoko beste zerrenda batzuk osatzen. `Posible da zerrendetan akatsen bat egotea, eta aldez aurretik barkamenak eskatzen ditugu´ gehitu du bukaeran..
Cuevas farmazia eta Portalondo estankoa
Aipamen berezia egiten zaie Cuevas farmaziari eta Portalondo estankoari Konpartsako liburuxkan. Lehenengoak ehun eta sei urte egiten ditu aurten, eta bigarrenak, berriz, laurogeita hamabost. Ez dute zer izango den garbi esan, baina hilaren 27an, Konpartsak kale buelta egin ondoren, antzerkian omenaldiren bat egingo dio.
Urte hauetan guztietan lagundu dieten guztiei eskerrak emanez bukatu dugu elkarrizket