Goizean goizetik hasiko dira festan Hernaniko gaztetxoenak ere. Lau ekitaldi prest dituzte, goizez eta arratsaldez, egun guztian zer egina nahi duenarentzat.
Txutxu trena, hasteko
Haurrentzat parkea eta txutxu trena dituzte Atsegindegin, 10:00etan, festari ekiteko. Han nahikoa eginda, eguerdiko 12:00etan erraldoi eta buruhaundien konpartsa dute, dantza eta korrika eginaraziko diena.
Pottokak eta xexenak, arratsaldean
Bazkalondoan, arratsaldeko 16:30etarako mugitu beharko dute pailazoak ikusi nahi dituztenek. Kiki, koko eta Moko pailazoek Atsegindegin eskainiko dute emanaldia: Katapuntxispun festa. Eta geldi-egonean lasai deskantsatuta, korrika pixka bat egiteko, pottokak eta xexenak prestatu dituzte ez oso urruti, Latsunbeko kirol pistan, 17:30etan. Pottoketan ibili eta xexenetan segiko dute ausartenek. Ikuskizun polita izaten da, eta korrika ibili nahi ez duen jende-saila espero da armailetatik begira, lehorretik, badaezpada.
Etzi ere, 11:00etan hasita badituzte ekitaldiak.