«Tamalez, Hernaniko EAJ-PNV eta Hamaikabaten jarrera oso exkaxa izan da Espainiako banderari dagokion kapituluan. Saiakera berezi bat egin genuen PNVko eta Hamaikabateko ordezkariekin, ikurriñaren aldeko omenaldian parte hartu zezaten eta erantzuna ezetza izan da. Ezetza eta erasokorra, demagogia eta hipokresia hitzak erabiliz EH Bilduren kontra. PPri jokoa egin diote». Halaxe azaldu du EH Bilduk Espainiako bandera Hernaniko udaletxean jartzeko aginduaren aurrean, EAJ-PNVk eta H1!-ek izan duten jarrera baloratu duenean.
«Familia politiko guztien ekarpenak beharrezko dira»
Ziklo berri bat irekitzen ari dela gogorarazi du EH Bilduk eta gaineratu du: «Bakez eta demokraziaz betetako agertoki batera lehenbailehen ailegatzeko gogoz betetzen gaitu. Eta hau lortzeko, behar beharrezkoak dira herri honetako familia politiko guztien ekarpen eraikitzaileak, herri honentzat noizbait egitasmo politiko guztiak gauzagarriak izan daitezen, herri honen independentzia barru».
«Ez dugu etsiko»
Ez duela etsiko argi utzi du EH Bilduk: «Esfortzu zabalak biderkatuko ditugu konpromezuetan, eraikuntzan eta bake bidezko borrokan, herri honi dagozkion eskubide zapalduak lehenbailehen lortze bidean. Ekin lanari. Ekin borrokari».